argia.eus
INPRIMATU
Ikasgaiak eta diziplinak uztartuz landuko dituzte gaiak Hego Euskal Herriko ikastetxeek
  • Aldaketa pedagogiko handia dakar Espainiatik datorren LOMLOE legeak: hurrengo ikasturtetik aurrera, tailerka arituko dira eskolak Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, alegia jarduna antolatu ordez elkarren arteko loturarik ez duten ikasgaika, ikuspegi globalarekin jorratuko dituzte gaiak, irakasgaiak batera eta diziplinartekotasunez landuz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko apirilaren 05
Zizurkilgo Eskola Txikia (arg: Dani Blanco)

Metodologia ezaguna da eta ikastetxe batzuetan martxan dute dagoeneko, baina legez hezkuntza sistema osora zabalduko du Espainiako Gobernuak, eta zentzu horretan iraultza pedagogikoa izan nahi du araudiak, baita Hego Euskal Herrian ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azaldu duenez, LOMLOEren harira EAEn ondutako “curriculum berria urrats kualitatiboa da Euskal Hezkuntza Sisteman azken urteotan garatzen ari den konpetentzien araberako ikaskuntzan. Ikastetxeei dei egiten zaie, pixkana-pixkana, eremuetan antolatutako lana ezar dezaten (ikasgaika beharrean), bereziki Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen zikloan”.

Curriculum berriak, gainera, tutorearen figurari garrantzi berezia ematen dio, “ikasleen ongizatea bermatzea” helburu izango duten tutoreetan indarra jarriz.

Datorren ikasturtean bertan hasiko dira aplikatzen metodologia berria, etapa bakoitzeko maila bakoitietan (Lehen Hezkuntzako 1, 3, 5 mailetan; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1, 3 mailetan, Batxilergoko 1go mailan). 2023-2024 ikasturtean, gainerako mailetara zabalduko dute. Bai curriculum berria prestatzeko, bai irakasleak formatzeko, 2021etik prozesu parte-hartzailea martxan dutela azaldu du Jaurlaritzak.

Hezkuntza Sailaren arabera, eskola malguagoa du helburu curriculum berriak, “ikasteko modu eta interesetara egokitua”. Herritar kritikoagoak eta gizatiarragoak beharko direla azpimarratu dute: “Konponbideak eraldaketa sozialaren ikuspegitik bilatzeko gai izango diren pertsonak hezi nahi ditugu, berdintasun eta justizia sozialean oinarrituta. Jakina, dagokien arloetarako behar bezala prestatuak joango diren pertsonak eta, era berean, gure komunitatea berritzeko ekimena eta begirada etikoa dutenak”.

Ikasgai berriak eta hautazko gehiago

LOMLOEk ekarriko dituen bestelako aldaketez informatu izan dugu ARGIAn: hala nola, hautazko ikasgai gehiago izango dituzte ikasleek aukeran, ikasgai berriak ezarriko dituzte, eta Batxilergoan bost adarren artean aukeratu beharko dute ikasleek –orain hiru dira adarrak–.

Lehen Hezkuntzan, adibidez, “Balio zibikoak eta etikoak”  emango dute ikasleek 6. mailan –eta  DBHko lehen mailan ikasgai bera emango da–, eta “Natura, gizarte eta kultura-ingurunea ezagutzea” ikasgaia sortuko da, Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak uztartuta.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, “Natur zientziak” ikasgaia emango da 2. mailan –Biologia, Geologia, Fisika eta Kimika hartzen ditu–, “Teknologia eta digitalizazioa” izango dute ikasleek 2. eta 3. mailetan, eta aukerako ikasgaien eskaintza zabalduko da maila guztietan (Atzerriko bigarren hizkuntza, Garapen pertsonal eta sozialari aplikatutako Filosofia, Digitalizazioa, Teknologia,Kultura zientifikoa, Osasun fisikoa eta emozionala…).

Batxilergoak bost adar izango ditu aurrerantzean, ikasleek aukeratzeko: Zientzia eta Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak, Orokorra, Arte Plastikoak, eta Musika eta Arte Eszenikoak. DBHn bezala, aukerako ikasgaien eskaintza zabaldu dute (Atzerriko bigarren hizkuntza, Euskal Herriko Historia, Anatomia aplikatua, Argazkilaritza, Pintura, Laborategiko teknikak, Antropologia soziala, Atzerriko hizkuntzan ahozko komunikazioa…).