argia.eus
INPRIMATU
Ikamak mobilizazio eguna antolatu du apirilaren 21ean, koronabirusak Hezkuntzan sortutako egoera salatzeko
  • Ikama ikasle antolakundeak apirilaren 21an deitu du mobilizazio eguna. Gasteizko mobilizazioa 12:00etan Andra Mari zuritik abiatuko da, Donostiakoa 12:00etan Bulebarretik, Bilbokoa 11:00etan Arriagatik eta Iruñakoa 12:00etan Hezkuntza departamentutik. 

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 14a
Argazkia:Ikama

Ikasleak azken ikasturtean jasan behar izan duten egoera salatzeko, Ikamak mobilizazio eguna antolatu du. Bizi dugun egoerak ikasleei nola eragiten dien salatzea eta konponbideak eskatzea da Ikamaren helburua.  “Iritsi da orduan ikasleria kalera atera eta aho batez nahiko dela esateko”, adierazi du Ikamak. Ikasleak “nazkatuta”, “amorratuta” eta “haserre” daudela azpimarratu dute eta ikasturtea inoizko zailena izan dela. Ikasleak jasaten duten egoera krisi soziosanitarioaren ondorioa soilik ez dela azpimarratu dute: “COVID-19ak aurretik genituen egiturazko arazoak azkartu eta azeleratu besterik ez ditu egin”.

Antolakundeak adierazi duenez, pandemiaren aurrean emandako erantzun “hutsalak” eta protokolo faltak agerian utzi du ebaluazio sistemak ez duela balio. Konfinatutako ikasleek, irakaslearen erabaki indibiduala izan ezean, azterketa egiteko aukerarik ez dutela salatu dute. Egoerari “sostengaezina” deritzote eta hezkuntza sailak ezer ez egin izana salatu dute.