II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du Ikamak.
Duela lau urte sortu zen Ikama ikasle antolakundea. Abenduaren 7an, Durangon, Ihaurri. Ikamako II. Kongresuaren ponentzia aurkeztu dute. Berritasun nagusietako bat izan da zabaltzearena, alegia, Bigarren Hezkuntzaz gain, unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ariko direla. Ahotsa.info hedabideak Garazi Ubiria bozeramaileetako baten hitzak jaso ditu: “Ikama helduago, prestatuago, indartsuago eta handiago bat aurkezten diogu Euskal Herriari”. Hedatze bidean, EHUko Leioa, Gasteiz eta Ibaetako campusetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Mondragon Unibertsitatean aurkezpenak egingo dituzte.
Ikamak dio bere proiektu politikoa Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa eskuratzea dela. Helburu hori lortzeko “tarteko geltoki bat identifikatu” dute, hau da, Hezkuntza Sistema Propioa edukitzea. Gaur egun, Euskal Herriak bere hezkuntza sistema diseinatzeko eskumenik ez duela dio Ikamak, eta eskumenak eskuratuta lortuko dela hezkuntza sistema “hemen eraikitzea”. Beraz, horretarako “nahikoa egitura eta burujabetza eskuratzea”ri eman diote lehentasuna.
Feminista eta euskalduna
Durangon aurkeztutako ponentziak Ikamaren proiektu politikoaren bost ardatz nagusiak jasotzen ditu. Nazionala izango da, Euskal Herri osoa kontuan hartuko duen hezkuntza sistema aldarrikatu dute. Komunitarioa ere bai: “Egun gailentzen diren joera indibidualisten gainetik, gure proiektuak elkartasuna eta auzolana lantzen dituen eredua izan nahi du”. Hirugarren ezaugarria publikoa izatea da: pertsona ororentzat hezkuntza eskuragarria izatea eskatu dute eta aldarrikapen nagusietako bat izango da heziketa prozesua doakoa izan dadila, bai matrikulazioa baita bestelako kostuak ere. Proiektua feministatzat jo dute: “Emakume, trans eta bollera burujabeak eta ahaldunduak heziko dituen eredua” landuko dute. Gehitu dute eredu horrek “jarrera zapaltzaileak dituen jendartearekin amaitzeko tresna eta baliabideak sortzeko gaitasuna izan behar” duela. Bosgarren ardatza da egitasmoa euskalduna izatea. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen ereduaren beharra azpimarratu dute.