argia.eus
INPRIMATU
Ikama ikasle antolakundeak Gasteizen jasaten ari diren jazarpen poliziala salatu du
  • "Behin baino gehiagotan salatu dugu kurtso honetan  pandemiaren aitzakipean presentzia poliziala areagotu izana, ikasleon bizitzen gaineko kontrolean sakonduz. Euskal Herriko hainbat ikastetxeetako patio inguruetan egon izan dira uneoro, Mendebaldea ikastetxea adibide, non isunak ere jarri dituzten. Baina azken bi asteetan Gasteiz osoan bizi izan duguna jasanezina izan da: ekimen ezberdinak egiteagatik salaketak, ikasleoi polizia sekretaren kotxeek jarraitzea...".

2021eko apirilaren 27a

Horrez gain, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek "ikasle mugimendua kriminalizatu izana" salatu dute.

Azaldu dute apirilaren 21ean mobilizazioak COVID neurriak kontuan hartuta egin zituztela, bi zutabetan eta gure arteko segurtasun distantzia bermatuz. Baina hala ere, bai Gasteizen eta bai Agurainen poliziaren errepresioa jasan behar izan zutela kontatu dute: "Andra Mari Zuriaren plazara heldu bezain laster poliziaren presentzia itogarria zen, Ertzainen 3 furgoi, 3 kotxe eta munizipalen 7 motor zeuden guztira gure zain. Poliziak hasieratik oztopatu zuen manifa, megafonotik distantziak mantentzeko aginduz, eta horretaz gain, gure pankartak eta oihuak egokiak ez zirela esanez. Guztia gaztelania hutsean eta manifestazioa disolbatzeko mehatxupean".

Espainiar Gobernu Delegaritzara iristean ertzaintzak “Euskal Herrian gure hezkuntza!” pankarta eusten ari ziren bi ikasle identifikatu zituen. Ikamak zera adierazi du honen aurrean, EAJri zuzenduz: "Ikasleoi beldurra sartzeko helburuarekin eta ikasle mugimendua desartikulatzeko asmoz jarri dituzte beste behin ere haien indar errepresiboak martxan. Badakite ikasleria antolatu eta indartsua haien inposaketei aurre egiteko gai dela, eta hori ekidin nahi dute ikasleria subjektu gisa hasieratik deuseztatuz. Baina gurekin jai dute". Euskal Eskola Herritar eta Burujabea lortzeko antolatzen jarraituko dutela hitzeman dute.