Khetane Espainiako Estatuko Ijitoen Mugimenduak zenbait komunikabidek koronabirusa dela eta hedatu dituen mezu arrazistak salatu ditu. Izurritearen hedapena ijitoei egotzi dietela adierazi du, eta ijitoen aurkako indarkeria piztearen erantzule egin ditu.
Espainiako Estatuko hainbat hedabidek ijitoen aurkako mezuak zabaldu dituela salatu dute, honen hedapena beraiei egotziz. Mota honetako jarrerak “oso arriskutsuak” direla eta “jendartearen duintasun eta elkarbizitzaren aurka” doazela adierazi dute.
Fiskaltzari eta kazetariei beraiei zuzendu zaie elkartea, erantzukizun bila. Lehenengoari “bere pasibotasun iraingarria” alde batera uzteko eta gorroto delituen aurka neurriak hartzeko eskatu dio. Hedabideek kaleratutakoak Zigor Kodeko 510. Artikulua urratzen duela eta gizarte zibilarekin batera horren aurka egin behar duela adierazi du.
Kazetariei salaketa horien aurka agertzea eskatu die, batez ere hedabide publikoetakoei. Kazetaritzako kode deontologikoak urratzen dituen kazetaritza eredu horretatik aldentzeko eskatu die. Sare sozialen jabeei ere helarazi die mezua, ijitoen aurkako mezuak ezabatzeko eskatuz.
Azkenik, elkarteak bere esku dituen legezko neurri guztiak erabiliko dituela jakinarazi du, mezu arrazista horien aurka egiteko.