argia.eus
INPRIMATU
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak
  • “Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin lankidetzan.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 19a
Eusko Jaurlaritzaren Bilboko areto nagusian hizlariak. Irekia

Azaroaren 15ean, Euskal Ijito Herriaren egunaren bezperan aurkeztu dute egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Bilboko areto nagusian.  Lucia Torrealday Hezkuntza sailburuordea, Mikel Juaristi Hezkuntza Aniztasun eta Inklusiorako zuzendaria eta Araceli Cañadas filologo eta unibertsitateko irakaslea izan dira bertan.

Aktibista ijitua da Cañadas, eta Gitanos en España ikasgaiaren bultzatzailea eta irakaslea. Espainiako Estatuan ijitoen historiari eta kulturari buruzko ikasgai bakarra da hori. Cañadasek programazio didaktikoaren berrikuspenean parte hartu du David Martin historialariarekin batera, El Pueblo Gitano en Euskal Herria lanaren egilearekin, hain zuzen.

DBHko 1. eta 2. mailan  Ijito Herriaren historia eta kultura txertatzeko helburuarekin, programazio didaktikoaren baitako zortzi ikaskuntza-egoera aurkeztu dituzte jardunaldian.

1- Romanipen: Europako ijitoen jatorrira eta bizipenetara historikoki hurbiltzea

2- Ustipen: Ijito Herriaren erresistentzia istorioak

3- Romanipen Euskadin: Ijito Herria Euskal Herrian

4- Te akharel pes: Ijito Herriaren 100 izenordainak

5- Barikane kultura hem (thai) o rromano gav: Pribilegio-kultura eta Ijito Herria

6- Paspase e rroman chibjasa e calo sar, hem e espanjako romano etnolecto: erromanierara, erromintxelera eta espainoleko ijitoen etnolektura hurbiltzea

7- Phenjalipen: Ahizpatasun ijitoa

8- O rromano gav ande o digitalno vaxti-i hem o virtual anticiganismo kušdipen: Ijito Herria aro digitalean eta antigitanismoaren aurkako borrokan online 

Aurkeztutako material didaktikoa Ijito Herriaren bizikidetza hobetzeko beste urrats bat izan dadin nahi dute. Hezkuntza Sailak finantzatuko du proiektua eta beharrezko materiala emango die bigarren hezkuntzako ikastetxe guztiei.

Arrazakeriaren aurkako eta ijito feministen ikuspegitik sortutako materialaren bidez “aniztasuna eta kulturartekotasuna” ikusarazi nahi dituztela nabarmendu dute.