argia.eus
INPRIMATU
Ijito familia baten aurkako arrazakeria eta abusua salatu dute Iruñean
  • Iruñea erdiguneko lurrin-denda batean, dendako arduradunak Udaltzaingoari deitu zion erosketak egiten ari zen familia bat lapurretan ari zela salatzeko. Bost agentek denbora luzean atxiki zituzten, erosketa poltsa guztiak errebisatu, tiketak konprobatu eta goitik behera arakatu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko otsailaren 06a
Ijito familia batek lurrin-denda batean jasandako arrazakeria eta abusua salatzeko protesta egin dute Iruñean. (Argazkia: Ekinklik.org)

Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioak, La Majarí Elkarteak, Ijito Idazkaritza Fundazioak eta SOS Arrazakeriak deituta, joan den ostiralean elkarretaratzea egin dute Drudi lurrin-dendaren aurrean, Iruñea erdigunean, urtarrilaren 3an jazo zen gertakaria salatzeko.

Ekinklik.org-ek bildu du ijito familiaren salaketa. Senide diren lau emakume erosketak egitera irten ziren, eta Drudi lurrindegian arrazakeria jasan zutela diote, ustez lapurreta egiten ari zirelako dendako arduradunaren arabera, nahiz horretarako frogarik ez izan; esaterako, dendaren sarrera-irteerako segurtasun-arkuak ez zuen alarma jo. Udaltzaingoari hots egin zion dendako langileak, eta bost agentek atxikirik eduki zituzten denbora luzez.

Ijito herriak pairatzen duen arrazakeria "estrukturala" dela salatu dute protestaren deitzaileek, eta erakundeetan zein leku publikoen jasaten dute. Frogarik eduki gabe gainera, arrazoitu dutenez: "Udaltzaingoak burututako ekintza erabat neurrigabea, bidegabea eta ilegala da, irizpide diskriminatzaileen arabera hartutako neurria izan baita".

 

 

 

Dendaren atarian elkarretaratzea egin ondoren, barrura sartu ziren kideak. Espainiako Poliziak galarazi zien. (Argazkia: Ekinklik)