Primor lurrindendaren aurrean elkarretaratzea egin zuten ostegunean, Gaz Kalo Nafarroako ijito elkarteak eta SOS Arrazakeriak deituta, salatzeko denda horretan hiru emakumek eta adin txikiko batek jasan zuten tratua.
Ijito familia batek, hiru emakumek eta adin txikiko neska batek, salaketa jarri du Iruñeko Carlos III. etorbideko Primor lurrindendan jasotako jazarpenagatik eta arrazakeriagatik. Publiko egin dute jazotakoa, ijitoek pairatzen duten bereizketa ikusarazteko. Ostegunean dendaren aurrean protesta egin zuten Gaz Kalo ijito elkarteak eta SOS Arrazakeriak deituta, eta emakumeek kontatu zuten abuztuaren 17an Primorreko segurtasun zaindaria segika izan zutela dendara sartu zirenetik, eta liskarra izan zutela horregatik.
“Jazarrita eta lotsatuta sentitu ginen. Galdetu genion (zaindariari) ea zergatik egiten zigun soilik guri, ea ijituak ginelako egiten zuen. Erantzuna izan zen bere lana hori zela. Harekin eztabaidatu ostean, zeren ez baikenuen normaltzat ikusten egiten ari zena, joan egin zen eta erosketak egin genituen”. Azaldu zuenez, ordaindu eta kalera atera zirenean bi udaltzain zituzten zain, eta identifikazioa eskatu zieten. Primor dendatik hots egin zieten udaltzainei, lapurreta bat salatzeko, Euskalerria irratiak jaso duenez. Emakumeek erosketa erakutsi zieten, baina halere miatu egin zituztela salatu zuten: “Portal batean miatu gintuzten, delitugileak izango bagina bezala”. Kritikatu dute kalean eta jende askoren aurrean miatu zituztela, eta “pasa daitekeen lotsarik handiena pasarazi”.
SOS Arrazakeriak elkarteak salaketa jarri du Iruñeko Udaltzainen elkarbizitza programaren baitan. Elkarteko kide Flavia Navarretek Ahotsa.info-ri egindako adierazpenetan salatu du “eskubide urraketa handia” izan zela, eta horrelakoak maiz gertatzen direla ijituen aurka. Auzi horixe landu zuen June Fernandezek ARGIAko erreportaje honetan: Erosketak egitea amesgaiztoa da emakume ijitoentzat.
Elkarretaratzearen irudiak bideo honetan bildu ditu Ahotsa.infok: