argia.eus
INPRIMATU
III. Osoko Bilkura Pekinen: korapiloa ez datza atzerapenean baizik itxaropenean
  • Urtebeteko atzerapenarekin hasi da Pekinen 2022an egindako Alderdi Komunistaren XX. Kongresutik datorren Komite Zentralaren III. Osoko Bilkura.

Mikel Aramendi 2024ko uztailaren 16a
Itsasontziak edukiontzien terminal batean aparkatuta, Txinako ekialdeko Jiangsu probintziako Taicang portuaren proiektuaren laugarren fasean, 2024ko uztailaren 9an. / Argazkia: VCG.

Gure ulerpenerako, agian, zuzenagoa izango litzateke hainbat –hiru, kasu honetan– eguneko bilera horien izena “kongresu-ordea” edo horrelatsu itzuliko balitz, halakoa baitute izana. Baina, tira, ez gara orain mundua konpontzen hasiko.

Kontua da bi kongresuren arteko bosturtekoan Komite Zentralak egin ohi dituen sei edo zazpi osoko bilkurek, nahitaezko egutegirik ez badute ere, usadioak sagaratutako data-tarte batzuk izan ohi dituztela. Eta III. hori (betiere ekonomia-gaiei buruzkoa izaten dena, usadioz), iazko udaberrian edo, luze jota, udazkenean, egitekoa izan behar zuela. Usadioz.

Baina usadioa, sakratua izan gabe, huskeria ez denez Txinako gorabeheretan (ez bakarrik politikagintzan), betiere Politburoak –benetako aginte gorenak– deitu beharreko osoko hirugarren bilkura hori atzeratu ahala, intriga, ikus-grina gartzen joan dela. Kabalak ere ez dira makalak izan: “Defentsa ministroen krisiak” eragina ote zen atzerapena, ekonomiaren pattalaldiak behartutakoa…

Azkenean, heldu da –ateak itxita, noski– bilkura. Itxaronaldiagatik ez ezik protagonisten ingurumaritik iradokitzen denaren arabera, jasoak baino jasoagoak dira espektatibak: 1978ko III. Osoko Bilkura –Deng Xiaopingen gidaritzapean “irekitasuna eta erreforma” abian jarri zenetik– egindako eraldaketa ekonomiko sakonenen atarian geundeke. Noski, beste batzuek edalontzia erditik behera ikusten dute.

Horrelakoetan bakoitzak gogokoena duen aldeari erreparatzen dionez, kanpoko iturriek finantzen munduari, enpresen jabetasunaren ingurukoei, atzerriko inbertsioan alorrari... erreparatzen diote. Aldiz, etxekoek, bestelako tonuak eta ikuspegiak darabiltzate. Betiere, oinarri-oinarrizko araua hautsi gabe: inoiz ez da ezer onik esan behar etsaiaz. Argi dago itxaropenak oso desberdinak direla alde batean eta bestean.

Deigarria da, haatik, ikuspegi kontrajarri biek nola egiten dioten iskin zalantzarik gabe III. Osoko Bilkura horren eztabaidagai nagusietakoa –ez bada nagusia– izan behar duenari: hukou edo huji-aren auzia. Besteak beste, dagoeneko, ofizialki –partzialki bederen– abian jarrita dagoen zerbait delako. Aldaera askorekin, txinatarren –eta korearren, eta japoniarren, eta...– bizimodua erabat baldintzatu ez, arautu duen etxe-erregistroaren sistema.

Halakorik aipatzen ez duen Konstituzioa bera baino askoz errotuagoa dirudien… usadioa. Ehunka ez, milaka urte dituena.

Agian horregatik, halako zerbait eraldatzeari “erreforma” deitzea ez da oso doi.