argia.eus
INPRIMATU
II. Kontraekonomia Jardunaldiak antolatu ditu Sarrikoko Ekonomia Kritikoko Taldeak
  • Apirilaren 15etik 23ra II. Kontraekonomia Jardunaldiak antolatu dituzte Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultatean.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko apirilaren 09a

“Gaur egun, ekonomiaz jakitea oso garrantzitsua da gizartean ematen diren aldaketa ezberdinak ulertzeko. Beharrezkotzat jotzen dugu jendeak ekonomiari eman beharreko garrantzia ematea”, adierazi dute Ekonomia Kritiko Taldeko kideek.

Era berean, gaur egungo egoera sozioekonomikoari “buelta ematea” beharrezkoa dela ikusten dute: “Guk unibertsitate esparrutik era honetara egingo dugu ekarpena gure eredu ekonomikoaren eraikuntzan”.

Hitzaldi eta mahai-inguruak arratsaldeko 18:00etan Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa zientzien fakultateko gradu aretoan izanen dira. Besteak beste Asier Blas eta Karmelo Landa EHUko irakasleek, Oskar Matute EH Bilduko Legebiltzarkideak eta Ivonne Farah Gizarte Ekonomian adituak parte hartuko dute jardunaldietan.