Eibarren Espainiako II. Errepublikaren urteurrena ospatu zuten apirilaren 13an, Ezker Anitzako hainbat militantek antolatuta.
Bertaratutakoek “errealitate nazionalak errekonozitu daitezen” eskatu zuten, eta Isabel Salud, Ezker Anitzako koordinatzaile orokorrak azpimarratu zuen Espainiako Konstituzioa erreformatzea beharrezkoa dela.
Saluden esanetan 1978ko Konstituzioa “agortuta” dago, eta “bizi dugun krisi lazgarri honetan ez da jendearen beharrei erantzuteko gai”.
Konstituzioaren artikuluetan lanerako eta etxebizitza edukitzeko eskubidea aipatzen diren arren ez zaiola kasurik egiten ere gaineratu zuten Ezker Anitzako kideek.
Errepublika “langileen zerbitzura dagoen estatu moldea” dela esan zuten alderdikideek. Aldaketak jazoko badira “kaleko antolakundeetatik” iritsiko direla eta “gizarte zibil antolatuak” bultzatu beharko dituela azpimarratu zuten.
Iruñean, Bilbon eta Irunen ere bai
Eibarren ez ezik Iruñean, Bilbon, eta Irunen ere egin zituzten II. Errepublikaren aldeko ospakizunak.
Iruñean Gazteluko bueltan egin zitzaien omenaldia Gerra Zibilean Nafarroan fusilatutakoei, eta falangista nahiz erreketeek eraildako 3.542 herritarrak gogoratu zituzten, egungo egoera salatzearekin batera.
Bilbon eta Irunen Saun Juan eta Arriaga plazetan banderra errepublikarrak jarri zituzten, eta hirugarren errepublika aldarrikatu zuten.