Uztailean aurkeztutako Bake eta Elkarbizitzarako planari gizarte eragileen eta alderdien 30 proposamen gaineratu dizkio Lakuako Gobernuak. Tartean, iheslarien gaia.
Iragan agintaldian onartu zuten EAJk, PPk eta PSEk plana, baina gainontzeko alderdiek ez zuten begi onez ikusi, hainbat esparru landu gabe uzten zituelakoan.
EH Bilduk “gatazkaren sorrera” ez lantzea leporatu zion, eta “ondorioetan” baino ez geratzea. PPk ere “asko hobe zitekeela” nabarmendu eta “zoru etikoaren” kontzeptuan gehiago zentratzea eskatu zuen. PSEk ere PPren aldarrikapenekin bat egin, eta zoru etikoaren “garrantzia” azpimarratzeko galdegin zuen.
Kritiken ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ekarpenak biltzeko prozesua abiatu zuen, eta orain aurkeztuko du bertsio berritua. Aurreratu duenez, iheslarien gaia presoen auziarekin batera jasoko du, eta zoru etikoa “argi eta garbi” azalduko da.
Zoru etikoak hiru gai barnebiltzen ditu: batetik, “aro berria” soilik ETA deseginez gero hasiko dela dio; bigarrenik, biktimek “duintasunerako eskubidea” dutela esaten du; eta hirugarrenik, indarkeria “bidegabea” eta “mingarria” izan dela azpimarratzen du.
Berriketen ondoren, hemezortzi ekinbide zehaztu eta gatazkaren “iragana, oraina eta geroa” landuko ditu planak, Eusko Jaurlaritzak dioenez.
Gobernu Kontseiluak hilaren 26an onartuko du behin betiko dokumentua.