argia.eus
INPRIMATU
Ihesi doazenen mailakatzea

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko martxoaren 01a

Oroit negu hotz honetako argazki horietaz? Ukrainako muga, mugazainez josia, gizon armatua prest estekaturik daukan zakurra askatzeko. 8.500 soldadu bidali zituen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak mugak zaintzera; Poloniak mugak hetsirik, etorkinak bertatik bideratuko zirenaren beldur. Milaka etorkin, Ekialde Hurbilekoak –Irak, Kurdistan zein bestelako gudu-zelaietakoak–, Europaren/Ukrainaren eta Errusiaren/Bielorrusiaren arteko tirabiran peoi gisa erabiliak. Bidea mozteko “su-armak erabiltzeko prest”, Barne ministro Denis Monastirskik baimena emanik mugazainei. Ez zuten irudikatuko hortik lau hilabetetara haienak zirela mugan metaturik izanen, gerraz ihesi –enpatia gehiago behar luke geopolitikak–. Bost milioi izan daitezke, NBEaren errefuxiatuen Goi-Komisarioaren arabera. Gehienak emakumeak, haurrak eta adinekoak, gizonak gerrarako kanoi-bazka bihurturik.

“[Ukrainako] errefuxiatuak ongi etorriak dira” Europako Batzordeko presidente Ursula Von Der Leyenen hitzetan. Fartsa dirudien arren, zor zaion seriostasunarekin begiratuko diogu, eta poztuko gara ere, nola ez. Europako Batzordeak aste honetan erabakiko du inoiz bideratu gabeko direktiba bat aktibatu ala ez: hiru hilabeterako daukaten bisa gabeko baimenaren ordez, gutxienez urte bateko egonaldi baimena emanen zaie, bi urtez luzatzeko aukerarekin. Igande honetan hitz egin zuten neurriaz, eta mainstream komunikabideek neurri historikoa isilean atxiki izana bera dugu esanguratsua. Badirudi gerra hurbildu arau deskubritzen dugula haren aurpegi krudela. Yemendar, maliar, somaliar, siriar… ulergaitza izango zaizue. Normala. Zuentzat bere horretan diraute Europar Batasunaren 1.200 kilometro paretek eta mugen itxierek. Eta zer eginen du bada Europar Batasunak? Ardura 27 estatuen artean partekatu beharrean Polonia, Hungaria, Eslovakia eta auzo herrien esku utzi, atxikitze zentroak eraikitzeko milioiak bideratuz? Ageriko da.

 “Gerraren kontrako koalizioa” martxan da, Zelenskiren hitzetan. Armak bidali dizkiote Europako estatu askok. Misilak, tankeak, kanoiak, droneak ala fusilak gerraren sinonimo dira, ez dira inoiz gerraren kontrako erremintak izanen, ez Ukrainan ez inon. Gerratik ihesi doazen errefuxiatuen harrera berriz aktibatu beharra du Europak –ihesi doazenen mailakatzerik gabe–.