argia.eus
INPRIMATU
Ihardukitzeko gogoa eta indarra lehenik
  • Ahate karrankaren oihartzuna beste behin gure Euskal Herrian. Heriotzak ala ihardokipenak irabaziko ote du? Azkeneko hamarkadetan izan da heriotz mehatxu frango gure etxaldetako kabalentzat, gaitz kutsakorretarik jalgitzeko bide garbiena omen baitzen. Eta izan dira eztabaida eta borroka gorriak hemen gaindi ardi ala behi saldoak nolanahika hiltzen ez uzteko. Gehienetan ezpada beti, denak kalitu behar zirelako lehen gomendio eta manuak botere publikoetarik eta produkzione saila eramaiten zuten industria gidarietarik, beti aldean zituztela departamenduko laborantza ganbarako eta FDSEAko buruzagiak. Parrean, behin eta berritz, ELBkoak, saldo osoak erahiltzeari buru atxikitzen, gaitzaren makurrak ukatu gabe, etxaldeen geroa eta bestelako aterabide guzien zilatzeko prest.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2021eko otsailaren 05

Ez gaitu gure eskualde huntan baitezpada hunki behi eroaren gaitzak berak, baina 1996ko urtalde hartan agertu zen bezain laster altxatu ziren Confédération Paysanneko laborariak behi saldo osoen hiltzearen kontra. Dakizula orduan atrebitu behar zela botere publikoak behartzen zuenaren kontra joaterat, susmoa baitzen sekulako arriskua bazitekeela osasun aldetik. Bizkitartean, ihardukitzeak behartu zuen ikerlanen barnatzerat, eta aski laster atera zen barruki parteak begiratzen ahal zirela arriskurik gabe, eta gaineratekoak hiltegirat zoatzila.

1999 aldean mintu zen hemen gaindi ardi daldararen gaitza. Nehork gutik kasu egiten zion gaitz bitxi horri, behi eroaren gaitzarekin parekatzen ez bazen. Delako mende zaharraren azken urte hartan, bapatean heldu ziren Euskal Herriko etxalde askotarat ardi saldo guziaren kalitzeko mehatxuak. Bakarrik ginen ELBkoak errefusatzen botere publikoen manu ala mehatxu hori, eta sinesten ginuen erahiltzeaz beste aterabiderik atxeman behar zela. Erran gabe doa neke hotza dela lehen ihardukitze hori, beste aterabide buztanik ez duzularik oraino ikusten, eta dudarik gabe uste duzularik nahi duten etxalde guziek beren kabalak edo aziendak salbatu behar dituztela. Gero agertzen dira aterabideak, eta ardi daldararen kasu huntan bezala, konturatzen zira bazela lehenagotik aterabidea, baina gordetzen zautzutela.

Funtsean, beti gogoan atxiki behar da abereen osasun krisialdietan bederen, badela usu merkatu mailako arrazoin ilun bat: “statut indemne” edo ekoizpen sail bat garbi atxikitzeko lehentasuna, nun ez den hazkuntza sail baten berritz antolatzeko xede ilun eta krudel bat. Aspaldi konponduak ditugu ardi dardararen arrangurak, eta ez da izan gaitz hori Aveyron aldeko ardi arraza hemen indartzeko estakuru bat gehiago.

Artzain soil eta artzain laborari gehienek gogoan dituzte agalakziaren itzuliko kataskak. 1980 aintzinekoa izan zen lehena, 2000 ondokoa izan da azkena. Bada ni baino adituago frango ordukoak gogoratzeko eta aztertzeko. Beti izan dira hain segur eztabaidak jakiteko agalakzia gaitzarekin bizitzen ikasi behar zuen mendialdeak eta lurralde guziak. Gaitza nagusitzen hasten zen aldi guziez, botere publikoek eta gorago aipatu ditugun esku makilek atera dute aldiro azienda saldoen hiltzeko manua. Eta ELBkoak eta artzain frango jazarri dira, beren ardiak begiratu nahi baitzituzten. Ordutik harat izan dira arrangurak eta beldur handiak etxaldetan, eta kalapita ederrak administrazionearen bulegoetan. Ez da sekulan ukatu gaitza menperatu behar zenik, baina ELBtik erran da aldiro neurriek ez zutela gaitzak baino makur gehiago egin behar, eta beren aziendak begiratu nahi zituzten hazle guziak sustengatuko zirela.

Beti agertzen dira aterabideak, nahiz batzutan neurri zorrotzak jasan izan behar. Herrialde huntan frogatu da hainbeste aldiz ihardukitzeko gogoa eta indarra behar dela lehenik. Gero dira agertzen bide berriak. Ez beti ordokiak, baina urrunago eramaiten dutenak. Menpekotasunez edo teknika hutsez baino ainitzez gehiago elkartasunez eta iraunkortasunez josiak izaten baitira.