argia.eus
INPRIMATU
Igor Uriarte preso ohiari lurralde debekua kendu diote eta Urruñan bizi ahalko da
  • Igor Uriarte gasteiztarra Ipar Euskal Herrian bizi ahal izango da, Parisko Auzitegi Korrekzionalak hala erabakita. Sei urtez preso egon ondoren, Frantziako Estatuan bizitzeko debekua jarri zion epaile berak eman dio orain bertan bizitzeko aukera.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 05a
Igor Uriarte, iazko urrian Baionako espetxetik atera zen unean. (Arg.: Maite Ubiria)

Oraingoan gainera, Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak bat egin du erabakiarekin, eta horrek aditzera ematen du aurrera begira ez duela helegiterik jarriko ebazpenaren aurka. Naiz-en Maite Ubiri kazetariak jakinarazi duenez, ebazpen hau molde honetako lehena da eta aurrekari bat jar dezake antzeko egoeran dauden beste herritar askoren kasuetan.

Orain auziak eskatzen dituen tramite administratiboak bideratu behar dira Parisko Auzitegiaren aurrean eta hilabeteren buruan-edo Uriarte Urruñara itzuli ahalko litzateke. Hala ere, gasteiztarrak oraindik pasatu beharko du Baionako Auzitegiaren aurretik, lurralde debekua hausteagatik epaituko baitute irailaren 21ean. Defentsaren ustez, pentsatzeko da orain epaia ez dela izango Parisko korrekzionalak erabakitakoaren aurkakoa; haien esanetan, oso garrantzitsua da Parisen bere egoera pertsonala kontuan izatea eta Uriartek ez diola kalterik egiten ordena publikoari.