argia.eus
INPRIMATU
Igor Uriarteren atxiloketa Frantziako Estatuan sartzeko debekuarekin lotuta legoke, berri agentzien arabera
  • Asteartean Igor Uriarte atxilotu du Frantziako Poliziak, eta asteazken goizean eramango dute epailearen aurrera. 2013an atxilotu eta espetxeratu zuten Uriarte, astelehenean Guardia Zibilak atxilotu zituen Arkauz eta Eizagirrerekin batera.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 07a
Argazkia: Hala Bedi.

Poliziak Baionako polizia etxera eraman du atxilotua. Atxiloketaren zergatia guztiz argitu gabe dagoen arren, lehen momentuan pentsatu zen lotura izan zezakeela astelehenean Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz abiatutako polizia operazioarekin. Espainiako berri agentziek zabaldu dutenaren arabera, ordea, Frantziako Estatuan sartzeko debekuarekin lotuta atxilotu dute eta baliteke preso ohi gasteiztarra Ipar Euskal Herritik kanporatzea. Atxilotuak ez dauka kausa irekirik Espainiako Estatuan.

Igor Uriarte López de Bikuña "Txopo" gasteiztarra da sortzez. 2013an atxilotu zuen Poliziak Montpellierren (Okzitania), ETAko kide izatea leporatuta, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauzekin batera. 2018ko martxoan espetxetik irten zenean espainiaratu zuen Frantziak, Espainiak abiatutako euroagindu baten ondorioz, baina Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean aske geratu zen. Urruñan (Lapurdi) bizi izan da geroztik.

Arkauz, Eizagirre eta Jaioren arabera

Bestalde, astelehenean Guardia Zibilak atxilotutako Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaioren egoerari dagokionez, Naiz hedabideak argitaratu duenez hirurek uko egin diote Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari. Beren abokatuekin hitz egin ostean, jaso duten tratua "zuzena" izan dela adierazi dute. Iaz Ertzaintzak Arabako Arraia-Maeztun aurkitutako armategi batekin lotuta atxilotu dituzte. Jakin ahal izan denez, zulo horretan gordetako materialek hamar urte baino gehiago zeramaten bertan gordeta.