argia.eus
INPRIMATU
Igor Kirillov hil du Ukrainiak, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua
  • Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 17a
Igor Kirillov, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua The Moscow Times

Ukrainiak Igor Kirillov teniente jenerala, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua, eta bere laguntzailea hil ditu astearte goizean. Errusiako Ikerketa Batzordeak azaldu duenez, bonba eraso batean erail ditu, eta eztanda Kremlinetik zazpi kilometrora dagoen eraikin bateko atarian izan da, lehergailua patinete elektriko batean izkutatuta zegoela.

Errusiako Gobernuak erasoaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatuko duela iragarri du. Tass Estatuko agentziak jakinarazi duenez, lehergailuak 300 gramo TNT inguruko karga zuen. Errusiako Armadako babes nuklear, biologiko eta kimikoko indarrek osagai erradioaktibo eta kimikoak dituzten armekin jarduten dute. Ukrainako auzitegi batek Kirilloven ausentzian, Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta egun bat geroago gertatu da atentatua; Moskuk akusazio hori erabat baztertu zuen.

Ukrainak bere gain hartu du erasoa. Ukrinform Ukrainako agentziak bere herrialdeko inteligentzia zerbitzuetako iturri anonimo bat aipatu, eta operazioa Errusiako zerbitzuen aurkako "kolpe berezi" gisa deskribatu du. Reuters eta AFP nazioarteko agentziek ere bertsio beraren berri eman dute. BBCk, berriz, adierazi du Kievek “helburu legitimotzat” zuela Kirillov, eta justifikatu egin du Errusiako jeneralak Ukrainako soldaduen aurka debekatutako arma kimikoak erabiltzea aginduko zukeen ekintza.