Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoaren heriotza salatzeko manifestazioak egin dira Bilbon eta Baionan igande honetan, Sare eta Bakegileen deialdiei jarraituta. Bietan azpimarratu da, bestelako espetxe politika behar dela.
Bilbon eguerdian egin da manifestazioa, Eliptika plazatik hiru ilara luzetan abiatuta, koronabiruseko garaian manifestazioak egiten ari diren bezala. Sareko ordezkariak, alderdi politikoetakoak eta sindikatuetakoak joan dira buruan. Abiatu aurretik Sareko ordezkariek adierazi dute Igor Gonzalezen heriotza inoiz gertatu behar ez zen zerbait dela, eta horrek erakusten duela egungo espetxe politika amaitu egin behar dela.
Ezker abertzaleko hainbat buruzagi izan dira manifestazioan, EH Bilduko Maialen Iriarte esate batera, edo Sortuko Arkaitz Rodriguez. LAB, ELA eta ESK sindikatuetako ordezkariak ere izan dira bertan.
Areatzako zubitik igaro da manifestazioa, handik Alde Zaharrera sartu da eta Plaza Berrian amaitu. “Presoak kalera, amnistia osoa”, “espetxeak apurtu” eta “Igor gogoan zaitugu” izan dira manifestazioan zehar oihukatu direnetakoak. Manifestazioaren amaieran Sareko ordezkariek gogorarazi dute euskal instituzioetan akordio handia dagoela espetxe politikari buruz eta hori indarrean jarri beharko litzatekeela; hala izan dadin, egungo espetxe politika amaitzeko konpromisoan beste urrats bat ematea eskatu diete erakundeei.
Zehatzago, Sarek honako neurriak betetzea eskatu du: bat, urruntze-politikaren amaiera, eta hala eskatzen duten presoak Euskal Herriko kartzeletara eramatea; bi, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna, espetxeko harresietatik kanpo arreta jaso dezaten; eta hiru, graduen progresioa aplikatzea, gainerako presoei bezala.
Jendetza bildu da Baionako espainiar kontsulatuaren aitzinean Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatzeko @berria @Artisans_Paix pic.twitter.com/T4M3fbeApQ
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 6, 2020
Baionako elkarretaratzean Etxegarai
Baionan ere eguerdian elkartu dira ehunka lagun Espainiako Kontsuletxearen aurrean, horien artean Jean René Etxegarai, Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako alkatea. Anais Funosas Bake Bideko ordezkariak hitz egin du bertan eta haserrea erakutsi du heriotza berri honengatik: “Zeren zain da gobernua bake prozesuari egin beharreko ekarpena egiteko?”. Datorren irailaren 19rako “mobilizazio indartsua” egingo dutela iragarri zuen.
Eusko Jaurlaritzak oharra kaleratu du asteburuan Igor Gonzalezen senideei eta hurbilekoei doluminak agertuz. Hemen oharra, bere osotasunean: “Suizidioa izan dela badirudi ere, Eusko Jaurlaritzak espero du heriotza horren inguruabarrak berme guztiekin ikertzea. Horrelako gertaerek presoen errealitatearekin zerikusia duten eragile guztien hausnarketa sustatu behar dute. Era berean, beharrezkoa da gogoeta operatibo bat egitea espetxe-politika gehiago humanizatzeari buruz eta euskal gizartearen egungo errealitatera eta erronka berrietara argiago egokitzeari buruz”.
Astelehen honetan, halaber, Sarek bilkura deitu du Iruñeko Merindade plazan, 20:00etan.
Ahotsa.infoko bideo honetan ikus daiteke Bilboko mobilizazioa.