Ukrainako Parlamentuak apirilaren 9an onartu du komunismoa eta nazismoa kondenatzen dituen legea. Horrekin batera, bi ideologien ikurrak eta propaganda galarazi dituzte.
Gobernuak eta lehen ministro Arseni Yatseniuk aurkeztutako proposamenak 254 diputaturen babesa jaso du 423tik. Igitaia eta mailua debekatzearekin batera, Sobietar Errepublikako eta Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistako ezkutuak galarazi dituzte. Horrez gain kutsu komunista duten ereserki, kontsigna, irudi eta monumentuak legez kanpo geratuko dira, kaleen eta herrien izenak bezala.
Ikur naziak edo komunistak publikoki erabiltzeak bost urterainoko kartzela zigorra izango du. Ikurrak erabiltzen dituena elkartea bada, eta horrek komunikabideak erabiltzen baditu, zigorra hamar urterainokoa izango da El Paisek jaso duenez.
Ukrainako agintariek beste oztopo bat jarri diote horrela Ukrainako Alderdi Komunistari. Alderdiko buruzagi Petro Simonenko astelehenean galdekatu zuten Segurtasun Zerbitzuek.