argia.eus
INPRIMATU
Iggy Popek BBC Radion egiten duen saioa Brigade Locoren ‘Bultzada’ abestiarekin abiatu du
  • Abeslari estatubatuar ospetsuak musikari zuzendutako irratsaioa egiten du BBC Radion, igande arratsaldero. Oro har talde anglosaxoiak gomendatzen ditu. Brigade Locoren abestia osorik entzun orduko aitortu du: "Ez dut tutik ere ulertu".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko irailaren 06a
Iggy Pop abeslariak BBC Radion egiten du irratsaioa igande arratsaldero. (Argazkia: BBC Radio)

"Zatoz gurekin eta emantzazu bultzada" abesten du Brigade Loco talde bergararrak, Realari, eta zehatzago, Realeko Bultzada harmailari erreferentzia eginda. Tartean aipatzen dira –eta BBCk mundu osora zabaldu ditu– Satrusen korrikaldiak, Agirretxeren golak, Bigarren Mailako garaiak, eta funtsean aldarri hau: "Txuri urdin koloreak / Harrotasunez eramanda / Batera bagoaz garaipena gurea da / Zatoz gurekin eta emantzazu bultzada / Gure izana defendatuz goaz aurrera".

 Iggy Pop abeslari estatubatuar ezagunak abesti horrekin zabaldu zuen joan zen ekainaren 3an BBC Radio 6n egiten duen irratsaioa. Bi ordu iraun ohi ditu saioak, eta 30 abesti inguru ipintzen ditu. Saioari ekiteko, berak hitza hartu baino lehen, Brigade Locoren Bultzada abestia entzun zen oso-osorik.

Abestia amaitzean, "Wow!" esan zuen Pop-ek, ohikoa duen ahots zakar eta ilunean. "Ez dut tutik ere ulertu, baina letrak oso zorrotz eta gogorrak sumatzen dira. Gustatzen zait mutil hauek daramaten bidea, nahiz ez dudan ezer ulertu". Social Distortion talde kaliforniarrari egin zion erreferentzia gero, baina segituan gehitu zuen, enfasi apur eta segundo erdiko isilune batekin, "euskaldunak dira". Eta Wikipediatik hartutako informazioa eman zuen jarraian: izena, nongoak diren, ze musika mota jotzen duten, eta taldekideen izenak zerrendatu zituen. Azkenerako, kasik minutu eta erdiko hitzartzea egin zuen Pop-ek.