argia.eus
INPRIMATU
Igeldok, Donostiatik desanexionatzeko kontsulta egingo du urte amaieran
  • Igeldoarrek 2013ko urte amaieran izango dute aukera herri izaera hartu nahi duten edo ez esateko. Herri galdeketa egingo dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du martxan igeldoarren iritzia jakiteko prozesua.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko uztailaren 17a
Igeldon herri kontsulta egingo dute 2013ko urte amaieran, eta Gipuzkoako 89.herria izan liteke.

“Ez diogu inongo oztoporik jarriko igeldoarren erabakiari, eta postura neutrala hartuko dugu kontsultaren aurrean” adierazi du Donostiako Udal Gobernuak prentsa ohar baten bidez.

Herri izaera onartuz gero, Gipuzkoako 89.herria izan liteke Igeldo. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak foru dekretu bat onartu beharra dauka, eta esan dute herri kontsultan ateratako emaitzak errespetatu eta kontuan hartuko dituztela.

Oposizioa haserre

Donostiako Udalean ez daude denak gustura. EAJko bozeramaile Eneko Goiak egindako adierazpenetan esan du Bilduk erakundeak eta legalitatea bere interes estrategikoen arabera erabiltzen dituela. PSEko Ernesto Gascok, bestalde, Donostiaren kontra egitea leporatu dio Izagirre alkateari. “Bilduk gatazka batetik bestera garamatza” adierazi du sozialistak. PPren izenean hitz egin duen Ramón Gómezek, aldiz, jarrera onartezina dela esan du. “Kontsultak interesatzen zaizkionean bakarrik nahi ditu Izagirrek. Ez du donostiar guztientzat agintzen”. Donostiako alkatea dela ahazten zaiola aurpegiratu diote, eta jada ez dela Igeldoko auzo elkarteko presidentea.