argia.eus
INPRIMATU
Igela argitaletxeak orain arteko autonomia galduko du eta Ereinek kudeatuko du
  • Igelaren jatorrizko jabeek erretiroa hartu zutenetik, Erein argitaletxea da Igelaren jabea, eta orain, Igelako langile bakarraren kontratua etetea erabaki du Ereinek, hitzartutako eginkizunak ez direla bete argudiatuta. Momentuz, Erein argitaletxearen barnetik kudeatuko da Igela, eta azpimarratu dute ez dela itxiko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko uztailaren 10
Lander Majuelo eta Xabier Olarra, egungo editorea eta aurrekoa ARGIAri eskainitako elkarrizketa batean, 2021ean. Argazkia: Peru Iparragirre / ARGIA CC BY SA

"Lagunok, bukatu da". Hitz horiekin abiatzen den oharra kaleratu du Igela argitaletxeak uztailaren 10ean. Lander Majuelo izan da azken hiru urteotan Igelaren editorea eta langile bakarra; Ereinek eten egin du langilearen kontratua eta ez du, momentuz, besterik kontratatuko, ARGIAri jakinarazi dioenez. Beraz, langile hari ematen zitzaion autonomia guztia galduko da.

Besteren artean, sortzetik amaierara arte Igelako kide izan zen Xabier Olarra, eta duela hiru urte, erretiroa hartzekoa zenean, Erein argitaletxearekin sinatu zuen hitzarmena, Igela Ereinek mantendu zezan aurrerantzean. Erein argitaletxeak langile bat hartzea erabaki zuen Iruñean, Igela argitaletxea sortu eta garatu den hirian, eta Ereinen arabera, hari eman zion autonomia guztia, urtez urte baldintzak eta helburu ekonomikoak aztertu eta berrikusita. "Eginkizun horiek bete ez direnez, langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan du Erein argitaletxeak", jakinarazi du ohar bidez.

Ereinek argi dio ez duela erabaki Igela argitaletxea gelditzea, eta bide batez oroitu dute Igelaren katalogoa eskuragarri dagoela Ereinen barnean. Horrez gain, "ahal duen guztia" egingo du Ereinek "proiektu editoriala aurrera ateratzeko".

Abendura bitartean bidean diren Igelaren bost liburuak argitaratzeko konpromisoa du Ereinek. Hauexek lirateke itzuliko liratekeen idazleak: Joyce Carol Oates, Fiodor Dostoievski, Adania Shibli, Zadie Smith eta Annie Ernaux.

"Euskal literaturaren parte dira euskarara ekarritako mundu zabaleko liburuak"

2021eko udaberrian argitaratu zuen ARGIAk Igelaren sortzaile Xabier Olarrari eta Lander Majuelori egindako elkarrizketa. 2020ko abuztuan eman zion erreleboa Olarrak Majuelori.

Euskarazko literatura zabaltzeko premiatik sortu zen Igela argitaletxea. Bereziki, nobela beltza sumatzen zuen faltan Olarrak. Hona elkarrizketa horretako pasarte bat:

Xabier Olarra: (...) Iruditzen zitzaidan euskarazko ehunka nobela beltz behar zirela, garaiko nire ikasleek irakurgai izateko. Orduan, inuzente-inuzente, hortik abiatu ginen, jakin gabe zer zulo beltzean sar gintezkeen. Beltz, baina distira puntu batzuk ikusten ziren, oso urruti.

Euskarara ekarritako liburuak edukitzeko beharretik abiatzen da Igela, orduan?
X.O.: Premia ikaragarria zen. Ikasleei ematen genizkien 100 metro, Egunero hasten delako eta beste bi edo hiru euskal nobela taxuzkoak, eta poemak irakurtzera behartzeko Arestiren poema bat edo beste igual... Behar zen eta ez zegoen. [Igelaren] sortzaileetako bi irakasleak ginen, eta premia horretatik abiatu ginen. Hori abiapuntua zen, baina ez geneukan horrekin konformatzerik, ikuspegia pixka bat zabaldu behar da. Garai hartan itzulpengintzaren munduan zer zegoen ikusita premia askoz handiagoak baziren. Horregatik sortu ziren EIZIE [1988an] eta Literatura Unibertsala [1989an] ere. Guk ere bide horretatik jo genuen.