argia.eus
INPRIMATU
Corazón del Sapo-ren kontzertua, Arrasateko gaztetxean
Igandero hardcorea, mesedez
  • Arriskua dute desagertutako musika taldeen itzulerek. Nostalgia lagun, denbora igaro ez dela sentitzeko, eta paradoxikoki, zenbat aldatu garen konfirmatzeko erritualak dirudite. Taldearen esentzia bera aldatu egiten da, aldatu egin delako inguruko guztia, eta punkyek marka-festibaletako kartel buru izateko lehiatzen dute. Baina Corazón del Sapo-ren kasuan ez da berdina. Ez da inoiz berdina izan.

Xalba Ramirez @xalbaram 2020ko otsailaren 19a
Argazkia: Ikor Kotx

1990eko hamarkadako Aragoiko hardcore talde ezagunenetako bat da, mila eta bat borroken lekuko eta akuilu. Otsailaren amaieran Katalunian faxismoaren gorakadari aurre egin eta kontzertu batzuk emateko itzuli da taldea, euren filosofia borrokalariari jarraituz.

Baina hau ez da ohiko pogo matxiruloa. Bultzatu egingo zaituzte, baina ez da inor eroriko.

Eta honela, Arrasateko Gaztetxean elkartu gara ehun eta koska lagun, otsailaren 2an, igande arratsalde batez, ahoz aho zabaldu den deialdiari jarraiki. Bruce Springsteen-en kontzerturako bezala, ilara egiteko aulkiak ekarri dituzte batzuek, baina denentzat dago lekua gaurkoan.

Urduri itxaroten ari da jendea, lekua egiten, atzetik aurrera gerturatzen. Txalaparta sample baten ostean hasi da taldea, tupa tutupa bizkorrean. Adio kezkak, adio urduritasunak, adio dena. Bultzada, izerdi eta besarkadak eta ukabilak gora koruak oihukatzeko.

Baina hau ez da ohiko pogo matxiruloa. Bultzatu egingo zaituzte, baina ez da inor eroriko. Hiru aldiz zapaldu dit oina pareko ezezagunak, eta hiruetan dantza zoroa gelditu eta barkamena eskatu dit. Eta hiruetan abestuz erantzun diogu elkarri.

Aura –agian sobera– idiliko hau ez da zerutik erori, bistan da. Gaian hasiberriek ez dute zertan jakin, baina hardcore eszena ez da gainontzekoen tankerakoa. Autoantolaketa eta autogestioan oinarritzen da, areto, ekoiztetxe eta banaketa sareak barne.

Laguntasun eta konplizitate handiarekin egin daiteke erreala soilik honelako ekimen bat. Azpimarratzekoa, momentu zehatzetan baino ez dira mugikorrak atera argazki eta bideotarako. Storietan inor etiketatzeko beharrik ez du inork.

Kantu bizkorrak eta metaforaz betetako letra aldarrikatzaile sorta osoa jo dute. Ez da kantu bakarra geratu kanpoan. “Fuego al cielo de los cuervos” kamisetarekin abandonatu dute gaztetxea zaleek, izerditan blai eta irribarrea ezin ezkutatuta. Ez da nostalgiari aipamenik egin, ez da batailatxorik kontatu. Ginena eta izango garena, dantza eta kantu artean, besterik ez.