argia.eus
INPRIMATU
Igandeko errausketaren aurkako giza katean Donostiako Udalaren hondakinen kudeaketa salatuko dute
  • Errausketaren Aurkako Mugimenduak Errausketaren aurkako giza katea egingo du datorren hilaren 8an Donostian. 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 05a
Argazkia: Mendiak

Donostian asteazkenez emandako prentsaurrekoan azaldu dute urtero bezala egingo dutela mobilizazioa datorren igandean Zubietako erraustegiaren aurka, eta , eta salatzeko "hondakinen kudeaketan bereziki Donostiako udala egiten ari den kudeaketa negargarria".

Hala adierazi zuten agerraldian:

"Donostia liderra omen da turismoan. Gipuzkoako jauntxoek eta Gipuzkoako Foru Aldundian bezala Donostiako Udalean agintzen dutenek ondo saltzen dute hiriburu honen edertasuna mundu guztitik turismoa erakartzeko. Baina zaharrek esaten zuten moduan… “kanpo eder, barren zikin” da Donostia. Hondakinen turismoan ere liderra baita Donostia: inguru guztitik dirua, ondasunak eta jendea erakarri… eta berak sortu eta gaizki kudeatutako zaborrak inguru guztira esportatu: horra Donostiaren zabor turismoa.

Zubietan eraiki duten erraustegi munstro horrek hasieratik eduki ditu hamaika matxura, oker, istripu, isurketa eta kutsatze. Batzuk herritarren begi eta belarrietaraino iritsi dira. Zubietako Arkaitzerreka erre zuten, geroztik han ez da ez arrai eta ez beste bizidunik. Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak Artaxoako hondakin planta bat itxi behar izan zuen… eta hala jakin genuen Gipuzkoako agintariek modu ilegalean 5.500 tona hondakin kutsatu bidali zutela hara.

Badira, ordea, kutsatze are handiagoak herritarrei ezkutatzen zaizkienak. Erraustegiak 100 tona hondakin erreta 3 tona errauts oso toxiko sortzen ditu… eta milaka tona horiek “zabor turismoa” egiten dute Gaztelako Santovenia de Pisuergaraino. Horiez gain, erraustegiak sortutako zepa edo eskoriek askoz tona gehiago osatzen dituzte eta horiek bazter guztietara bidaltzen dira Zubietatik, bertederoetara edo zementu-fabriketara, azpiegitura handietan ezkutatzeko. Eta milaka tona CO2 zabaltzen ditu atmosferan: erraustegia izango da Gipuzkoan klimaren aldaketa eragiten duen gai hori gehien aireratzen duena.

Asensio jauna, EAJko eta PSEko agintariok: horra zuek etengabe sortzen duzuen “zabor turismoa”! Pozoi hutsa!

Alabaina, Gipuzkoako herritarrok ere geure soinean jasotzen dugu alferrikako erraustegi zikin eta garesti horren kutsadura. Guk eta gurekin bizi diren animaliek, landareek eta izaki bizidun guztiek biltzen dituzte Zubietako tximiniek zabaldutako dioxinak, furanoak, metal astunak eta PIFAS edo “kutsatzaile eternoak”.

Joan den maiatzean Herbeheretako ToxicoWatch fundazioko ikertzaileek azken bost urteotan erraustegiaren inguruetan jasotako laginen analisien emaitzak publikoki azaldu dituzte, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan bertan ere. ToxicoWatchek bost urteotan egindako neurketetan emaitza oso kezkatzekoak azaldu dira, inguruko lur-zoruan, uretan, goroldiotan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direlako dioxina, PCB, metal astun eta PIFAS kutsatzaileen igoerak. Gipuzkoako agintariok: erraustegi kutsatzaile hau itxi ezazue behingoz!

Gipuzkoan ondo dakigu hondakinak kudeatzeko badaudela errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan. Baina alferrikako erraustegi hau gelditu ahal izateko, beren politikak aldatu behar dituzte oraindik hondakinak modu basatian kudeatzen dituzten udal eta mankomunitateek. Eta bereziki Donostiak: ez da onargarria Donostiako agintariek gai honetan jokatzea hain zabar, hain zikin, hain axolakabe. Ez gaikako bilketa txukunik, ez organikoaren gaikako bilketa orokorturik, ez hondakinen murrizketa eraginkorrik… Donostia da zabor turismoaren hiriburua eta Gipuzkoa osoaren lotsaizuna".