Basaizea elkarteak euskara bultzatzeko hainbat jarduera antolatu ditu apirilean, urtero antolatzen duten Kulturaldiaren barnean. Ekimena igandean burutuko da Nafarroaren Egunarekin.
Adin guztietako lagunei zuzendutako hainbat jarduera izango dira Baigorrin. Goizean musikari, bertsolari, dantzari eta ziganteekin kabalkada egingo dute. Ondoren, Basaizea elkarteak ekitaldi txiki bat egingo du. Indarrak berreskuratzeko, ikastolak bazkaria antolatu du. Arratsaldean festak jarraituko du, kirol animazioa eta dantza erakustaldiekin herriko plazan. Egunari amaiera emateko, kontzertuak izango dira Xokoan.
35 urte igaro dira Nafarroaren Egunaren lehenengo edizioa egin zenetik Baigorrin. “Beharrezkoa da Nafarroaren eguna antolatzen jarraitzea, euskaldun oro batzen dituen eguna baita”, azaldu du Ihintza Bidarte Basaizeako kideak Info7n.
Apirila, ekitaldiz beteriko hilabetea
Basaizea kultura eta euskara bultzatzeko lan egiten duen kultur elkartea da eta urtero apirilean hainbat ekitaldi antolatzen dituzte Kulturaldiaren barnean: “Kulturarik eta hizkuntzarik gabeko herri bat, herri saldu bat da”, aipatu du Bidartek.
Aurten apirilaren 11n hasi zen Herrira-rekin eta Herrira-rentzat presoen aldeko gaualdiarekin. Apirilaren 12an, dantza ikuskizuna eskaini zuten Ukrainiako dantzariak dituen Joyeux petits souliers eta Baigorriko Arrola dantza taldeek elkarlanean. Apirilaren 18an gogoeta gaualdia izan zen. Gai nagusia herrian bizi eta herrian biziarazi izan zen, gazteek herrian geratzeko dituzten arazoez gogoeta egiteko. Apirilaren 19an Gabrielen lekua ikuskizuna eskaini zuten. Datorren larunbatean, hilak 26, Mikel Laboari kantaldia eskainiko dute Baigorri inguruko kantariek.