argia.eus
INPRIMATU
Igandean Lurzaindiaren festa Itsasun, nekazaritzako lurra aldarrikatzeko
  • Duela bost urte, 2013an, laborantza lurrak espekulaziotik babestu eta mantentzeko Lurzaindia sortu zuten ELB sindikatua, Arrapitz Federazioa, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Euskal Herriko inter AMAP elkarteen bultzadaz. Martxoaren 31an biltzar nagusia egin ostean, iganderako hitzaldi, aldarrikapen eta elkartasun giroz osatutako besta antolatu dute Itsasun.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 20a

Hormigoiaren eta espekulazioren hatzaparretatik ahalik eta lur gehienak salbatu, segidarik gabeko etxaldeei jarraipena bermatu eta nekazaritzan instalatu nahi duten gazteei lurra eskuratzen laguntzeko ahaleginean aitzindari izan zen GFA elkartearen oinordekotza hartuz sortu zuten Lurzaindia 2013an. Geroztik, 150 hektarea lur eta 7 etxalde erosi dituzte, denetara 374 hektarea osatu.

“Denek nahi dute lurra berentzako”, esan du Lurzaindiaren buru Maryse Cachenautek. “Nekazaritzarako behar dugun arren, beste batzuk edozertarako erabiltzeko baliabidetzat daukate”. Horregatik Lurraren Bestarekin baserriak eta lurrak erosteko kanpainetatik harago Lurzaindiak herritarrak ohartarazi nahi ditu laborantzako lurrari eustearen garrantziaz, eta Ipar Euskal Herriak erakunde bateratu bat eraikitzen duen garaiotan hautetsien artean zabaldu nahi du gaia, lurraren antolamenduan lehentasunez erabil dezaten.

Itsasuko Lurraren Bestaren egitaraua goizeko 09:30etan hasiko da ekitaldiaren irekierarekin. 10:00etan eztabaida: “Elikadurarako lurra eta eraikuntza: nola uztartu?” (frantsesez). Aintzina taldeko Txomin Casteigts gaztearekin batera ariko dira Robert Levesque Terres d’Europeko zuzendari ohia, Alain Franck 64 departamenduko Hirigintza Agentziaren zuzendaria eta Gerard Leraz, Rhone-Alpes eskualdeko lehendakari ohia eta nekazaria. 12:00etan musikaz alaituta aperitifa hartu ostean, 13:00etan bazkaria eskainiko da. Egun osoan zehar Ipar Euskal Herriko hainbat elkarteren estandak bisitatu ahalko dira eta haurrentzako bezala helduentzako entretenigarriak gozatu.