argia.eus
INPRIMATU
Igandean festa giroan egingo da berriz ere Nafarroaren eguna Baigorrin
  • Nafarroa osoko herritarren arteko harremanak estutzeko egunak ohiko tradizioarekin jarraituko du aurten ere Basaizeako kideek azaldu dutenez. Apirilaren 13tik hasita hainbat kultur ekitaldi egin dira dagoeneko Nafarroan Beherean zehar.

2023ko apirilaren 28a
Argazkia: Alberto Elosegi

Basaizea kultur elkarteak antolatzen du Nafarroaren Eguna eta, iragarri duenez, beti antzera egingo da Baigorrin, baina aurtengoan gazteei arreta berezia eskainiko diete. Ekitaldiak ohikoak izango dira, baina horiez gain, arratsaldean bertso saioa ere egingo da 15:00etan Beheko Plazan, Aitor Etxebarriazarraga, Joanes Illarregi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin.

Musikan ere ahalegin berezia egin dute gazteei begira eta kontuan hartuta hurrengo eguna jai dela, Maiatzaren Lehena, 21:30etatik aurrera jardungo dute Janus Lester, Willis Drummond, Dupla eta DJ Üzkülüz. Arratsaldez, halaber, Broken brothers brass brand-ekoak ere arituko dira animazio lanetan Baigorriko kaleetan. Ohi bezala, goizeko desfilea, ekitaldia eta bazkaria ere izango dira. Basaizearen ondoko argazkian ikus daitezke programaren xehetasun guztiak.

Nafarroako Eguna toki segurua izan dadin arreta berezia jarri dute antolatzaileek. Iaz gauean sexu eraso bat izan zela salatu zuen emakume batek eta aurten, “behar diren baliabideak ezarriak izanen dira horien saihesteko". Erasorik gertatuko balitz, edonola ere, "erantzuteko berehalako neurriak” hartuko liratekeela zehaztu dute Basaizeako webgunean.