argia.eus
INPRIMATU
Igandean energiari buruzko bertso saio berezia Zizurkilen
  • Urriaren 22an, energiaren gaiaz bere zabalean hausnartzeko plaza izango da Zizurkil. Gipuzkoako Mendiak Askek antolatu du, eta puntako bertso saioaren bidez eskaini nahi diete herritarrei aukera  eguneroko bizitzan erabiltzen dugun energiaren inguruan iritzi ezberdinak jasotzeko eta kontraesanak agerian jartzeko, "ondoren bakoitzak bere ondorioak atera ditzan". Eguerdiko 12:00etan izango da bertso saioa, eta ondoren herri bazkaria. Bazkariko txartelak agortuta daude, baina bertso saiokoak eskuratzeko aukera badago oraindik.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 19a

Aitor Bizkarra, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran arituko dira Saroi Jauregik jarritako egoerak bertsotan gorpuzten. Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak iragarri du "bertso saio berezia" izango dela Zizurkilgoa: "Punta-puntako bertsolariak izango dira oholtzan eta haien bitartez, iritzi ezberdinak kontrastatu eta entzungo dira; azken batean, gaiari buruz herritarren artean solasaldi lasaia nahi da sortu, guztiok izaten dugulako bakoitzak bere iritzia. Halaber, denok eguneroko bizitzan ditugun kontraesanak ere mahai gaineratu nahi dira".

Bertso saioa San Millan elizan, 12:00etan

Dagoeneko agortu dira bertso saioaren ostean egingo den herri bazkariko sarrerak. Bertso saiorako edukiera handiagoa da, eta oraingoz badago sarrerak erosteko aukera. 10 euroan (umeek borondatea) daude salgai puntu hauetan: Antzuolan (Aitz Garbi), Azkoitian (Etxe-Aitz eta Atraskua), Azpeitian (Urtzi), Lazkaon (Biziola), Elgoibarren (Jai Alai eta Lanbroa), Itziarren (Burugorri), Soraluzen (Arrano eta Pil Pilean), Zestoan (Uztapide) eta Zizurkilen (Plaza Etxeberri, Iriarte eta Egarri).

Egunean bertan ere sarrerak eskuratzerik egongo da, baldin eta ordurako geratzen badira.