Emakumeen historia idazteko garaia dela iritzita, isilaraziak izan diren emakumeen ahotsei eskaini nahi diete baratzea. Azken asteotan iganderako dena prest egon dadin, lagun talde bat egunero biltzen da Arantzan. Goizez aritzen dira lanean, 08:00etatik 14:00etara. Norbaitek auzolanean parte hartu nahi badu, 678 115820 telefonora deitu beharko du.
«Gizonezkoarekin dena bete, eta gurea, ordea?. Emakumeena ez bada ageri, ez da kontatzen egia». Halaxe dio Harritik Hazia antzezlaneko kanta batek. Hori irauli nahi izan zuten antzerkian eta helbura bera du Emakumearen Oroimen Baratzeak, hau da, isilik eta gordean izan diren emakumeen historiak idaztea.
Harritik Hazia antzerkiaren emanaldien ondotik, haziak banatu zizkieten ikusleei eta hazi horiek emandako landareak igandean inauguratuko duten baratzean bildu nahi dituzte. Hala ere, norbaitek antzerkian emandako hazia ahaztu edo galdu baldin badu, bertze landare bat eramaten ahalko duela jakinarazi dute. Baina landareekin batera, eskualdeko emakumeen historiak eramateko deia egin dute, «iraganekoak edota gaur egungoak, norberarenak edo lagun edo ezagun batenak». Izan ere, sustatzaileen arabera, «eskualdeko emakumezkoen historia ez dago idatzita» eta alde horretatik «hutsune handia dago». Horregatik, «baratze hau idazten hasteko aukera dela» uste dute. Idatziak igandean berean eraman daitezke Arantzara, edo bertzela, lehenagotik ere bidal daitezke: emakumearenoroimenbaratzea@gmail.com helbidera idatzita edo 680 984124 telefonora idatzita.
Inaugurazio eguna
Igandean, Arantzako plazan egin dute hitzordua, 13:00etan. Besta giroan zabaldu nahi dituzte baratzearen ateak, bertzeak bertze, musika eta dantzaren bitartez. Plazatik baratzera «ibilaldi artistikoa» eginen dute eta behein baratzera ailegatutakoan, «hurbildu direnekin leku horren sinbologia eta magia partekatuko ditugu». Horretarako, ahotsa, dantza, musika, antzerkia eta plastika uztartuko dituzte. Eta akabailan, ekarritako landareak eta historiak bilduko dituzte.
Bertzalde, aipatu, baratzea Arantzan dagoen arren, Bortzirietako baratzea izanen dela. Hortaz, Bortzirietako Udalen eta Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatu dute.
Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.