argia.eus
INPRIMATU
20:00etatik aurrera M26 hauteskundeen zuzeneko jarraipena ARGIAn
  • Hiru hauteskunde batera dira igandean: Europakoak, udal hauteskundeak eta foru hauteskundeak. EAEko hiru lurraldeetan Batzar Nagusiak hautatuko dira eta Nafarroan Foru Legebiltzarra.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 24a
Hiru hauteskunde prozesuren kontaketa egiteak ohi baino gehiago atzeratuko ditu emaitzak.

1999an ere hiru hauteskunde hauek bat egin zuten egun berean eta berdin gertatuko da 20 urte barru. Hauteslekuetan, beraz, hiru hautetsontzi izango dira: Europakoa, udalekoa eta batzar nagusietakoa –edo Nafarroan autonomikoa–. Europakoak medio, Euskal Herri osoak batera bozkatzen duen egun bakarra da hau.

 

Kontaketa luzeagoa

Hiru hauteskunde, hiru kontaketa. Argi da, beraz, igande gauen kontaketa ohi baino luzeagoa izango dela. Espainiako Legediaren arabera, lehenbizi hasten dira kontatzen Europako Legebiltzarreko datuak, ondoren udaletakoak eta, azkenik, autonomikoak. Beraz, Kanariar Uharteetako eskolak ixten direnean, gaueko 9etan ohiko datuen kontaketa hasiko da Hego Euskal Herrian.

EBko legediaren arabera, azken eskolak itxi arte ezin da hauteskundeen emaitzen berri eman. Hori gertatuko da Italian gaueko 11etan, hortaz, orduan eskainiko dira gainerako herrialdeetako datuak, hori bai %100a kontatua jada.

Europakoak kontatu ondoren, beste kutxetako datuen kontaketa egin ahala eskainiko da. Bederatzietatik aurrera, beraz, joango dira ezagutzen gainerako datuak apurka, ohi bezala, baina ohi baino beranduxeago.

 

ARGIAk jarraipena zorrotza egingo du igande gauean

Igande gauean ARGIAko erredakzio guztia lanean arituko da, gure irakurleei emaitzen berri emateko. Gure webgunean jarraitu ahal izango da gaua eta baita sare sozialetan ere, Twitter, Facebook eta Telegram bidez. Datu guztiak labetik atera berri jarraitu ahal izango dira gure mapa interaktiboen bidez. Datorren asteko ARGIA aldizkarian, halaber, emaitzen irakurketa pausatuagoa eskainiko dugu.