argia.eus
INPRIMATU
Teknologia eta gizartearen burujabetza izango dituzte hizpide ostegunean, Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran
  • Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB) Euskal Herriko teknologiaren plaza izango da aurtengoan ere, Burujabetza teknologikoa goiburupean. Ostegunean egingo da, Donostiako Teknologia Elkartegian.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 16a
Arg: UEU

1996an izan zen bilkuraren lehen edizioa, eta ordutik hazten ari da IEB. Batez beste 125 pertsonatik gora bildu izan dira jardunaldi bakoitzean antolatzailearen arabera.

Informatikarekin lotura duten hainbat arlotako jendea hurbiltzen da bilkurara: irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak nagusiki. Informatikarien esperientzien eta garatutako softwarearen berri emango dute Donostian.

Teknologia “jendarte antolatu eta burujabea” saretzeko baliabidea ere badela aldarrikatzen dute antolatzaileek, eta horri buruzko eztabaida plazaratu nahi dute ostegunean.

Bestalde, informatikari euskaldunen bilkura izanik, lanbidean euskaraz aritzeak “berezko dituen bestelako gorabeherek ere lekua izango dute bilkurako gaien artean”.