argia.eus
INPRIMATU
Idriss Deby Txadeko presidentea hil da, errebeldeen kontrako liskarretan zauriturik
  • Bere seigarren kargualdia hasi berri zuela hil da, liskar armatu batean jasandako zaurien ondorioz. Hogeita hamar urtez atxiki du presidentearen aulkia. Behin-behinean bere semeak hartu du presidente kargua, oposizioaren desadostasuna eta kexua areagotuz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko apirilaren 22a

Txadeko armadaren eta FACT Alternantziarako eta Konkordiarako Txadeko Frontearen arteko liskarretan kolpaturik hil da Idriss Deby Txadeko presidentea. Berria jakin bezain laster eta behin-behinean Trantsiziorako kontseilu militar bat izendatu dute eta Mahamat Idriss Deby presidentearen semeak gidatuko du. "Trantsiziorako bide orri bat" sortuko dute, eta "trantsizio gobernu bat" eratu, parlamentua deseginda. Hemezortzi hilabeteko "trantsizioa" eta gero "hauteskunde libre eta demokratikoak" antolatuko dituzte, trantsizio gobernuak zehaztu duenez.

"Estatu golpe instituzionala"

Presidente ohiaren semeak boterea hartu izana gogorki deitoratu du oposizioak "estatu golpe instituzional" bat egon dela salatuz. Oposizioko 30 bat alderdik "elkarrizketa" eta "trantsizio gobernu zibil" bat eskatu dituzte agiri bidez. "Demokrazia bermatzeko bidean" nazioartearen laguntza ere eskatzen dute.

Apirilaren 20an hil da, 68 urterekin Idriss Deby. Militarra, presidentearen aulkia hartu zuen 1990ean estatu golpe bat burutuz; eta orduz geroztik Txadeko presidentea zen. Azkenik, apirilaren 11n egin zituzten bozak, eta aise irabazi zituen Debyk, botoen %79,32 eskuraturik. Kontua da, bere "agintekeria" salaturik, oposizioko hiru zerrendaburuk uko egin ziotela parte hartzeari.

Nazioartearen babesa zuen –hasieratik Frantziako Gobernuarena, besteak beste–, batez ere jihadisten kontrako borrokalari sutsua zelako eta bere lurretan dituen baliabide naturalei begira direlako –tartean, petrolioa–. Haatik, giza eskubideen urraketak leporatzen zizkioten maiz nazioarteko Gobernuz Kanpoko Erakundeek. Adibidez, 1990eko hamarkadan "kopuru handian burutu hilketak" leporatu zizkieten Guardia Errepublikanoari eta haren poliziari.

Herri pobrea da Txad eta 2020-2021 urteetan are pobreago bihurtu da COVID-19ak eragin krisiagatik. Baliabide natural ugari izan arren, 189etatik 186garren lekuan da, Nazio Batuen Garapenerako Programak (NBGP) ezarritako Giza Garapenaren Indizearen arabera. Txadeko landa-biztanleriaren %87 –14 milioi lagun gutxi gorabehera– egunean dolar batekin baino gutxiagorekin bizi da.