Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.
Azken 30 urteetan, 4,3 milioi kilometro koadro lur idortu dira munduan, Nazio Batuen Erakundeak kaleratu duen txostenaren arabera. COP16ko biltzarraren testuinguruan aurkeztu da azterlana. Bertan ari dira gogoetatzen teoriko batzuek aspaldian darabilten ideia honen inguruan: klima larrialdia ez dutela soilik karbono isuriek eta berotze globalak ekarri, bioaniztasun galerak eta uraren zikloak ere garrantzia handia dutela. Urko Apaolaza ARGIAko kazetariak Net Hurbil honetan horixe azaltzen zuen, Mediterraneoko arroko ekaitzen inguruan ere hitz egiteko, eta erreferentzia egiten zion urtarrilean argitaratu genuen Larrun gehigarriari: Uraren zikloa. Klima zoratzearen beste gakoa.
Azken hiru hamarkadetan okertu egin da panorama eta kezkagarriago egin ahal bazen, halakoxe bihurtu da larrialdia. Munduko lurren hiru laurdena berotu egin da "behar baino gehiago", NBEren esanetan, eta lur idorrak, 30 urteko epean, biderkatu egin dira. Kanadaren tamainako lur kantitateak jasan du "ageriko aldaketa": hau da, gutxiengo marjina batzuk gaindituta egin dute lur horiek lehortze bidea; batzuk batere lehor ez izatetik, zertxobait lehorrak izatera. Gaur egun, Antartidaren zatia kenduta, planetako lur guztien %40 da lehorra.
Idortzeko arrisku-gune handiak
Ia Europa osoa sarturik dago larrialdi egoera horretan, kontinentearen ia %96. AEBetan ia mendebalde osoa ere horrela dago, Brasil oso-osorik, Asiaren ekialdeko zatia eta Afrika erdigunea.
Zonalde zabal horiek aipaturiko tendentziari jarraituko baliote, arazo larriak suertatu litezke. Europan, Mediterraneoaren ingurumarian bereziki, laborantza-lurrek kalte konponezinak jasango lituzkete, lurren sikatzea eta ur falta, edo euria egitean, bortizki egitea. Hego Amerikan larria litzateke ur eskasia ere bai, baina baso-suteena "bereziki kezkagarria" dela seinalatu dituzte azterlanaren egileek. Afrikan eta Asian, bestalde, ekosistemen degradazioa eta desertifikazioa nabarmendu dute, animalia eta landare espezie ugari desagertuko lirateke-eta.
Azterlanaren egileak: "Eremu bateko klima lehorragoa bihurtzen denean, aurreko baldintzetara itzultzeko gaitasuna galdu egiten da. Orain, mundu osoko lur zabalei eragiten dieten klimarik lehorrenak ez dira itzuliko izan zirenera, eta aldaketa hori lurreko bizitza birdefinitzen ari da"
Kalteak bizimoduan
Eguneroko bizitzan, ohituretan edota kalitatean bertan, kalte larriak eragiten ditu, eta eragingo ditu, larrialdi klimatikoak. Ekosistemari min egiteak ur sarbidea kaltetzea ekarriko luke, laborantza izorratzea, eta horrek guztiak, funtsean, osasunean eragin. Afrikako eta Asiako pobrezia areagotzea ekarriko luke biodibertsitatea galtzeko tendentzia horrek: txostenaren arabera, 2030erako, 35 eta 122 milioi pertsona gehiago leudeke muturreko egoeran.
Horrez gain, espezien habitata %55 murriztu ahal daitekeela ere badio azterlanak, ur eskasiaren eta nekazaritzaren kolapsoak eraginda.