argia.eus
INPRIMATU
Idoki eta Sarde-Sardexka elkarlana, haurrei laborantza herrikoia erakusteko
  • Usaia onak gaztedanik hartzen baitira, Idoki eta Sarde Sardexka elkarteek haurreri buruzko lanari inportantzia berezia emaiten diote. Uda huntan, hainbat hitzordu finkatu dituzte elgarrekin.

Laborari 2015eko ekainaren 29a
Sarde Sardexkaren atelier batean erlezain baten etxaldea bisitatzen. (Argazkia: Laborari)

 

Idoki marka pean diren etxaldeak kalitatea eta laborantxa molde herrikoi eta iraunkorrak sustatzen dituzte aspaldi danik. Sarde Sardexka elkarte berria da, Ezpeletan jarria, eta gai berdinetaz hezkuntza lana egin nahi du tailer pedagogikoen bidez bereziki. Bi egituren arteko lotura naturalki egin da beraz eta lehen entseguak eraman ziren jaz, Sarde Sardexkak haurren xokoa animatzen zuela Idokiren udako merkatuetan.

Aurten hedadura haundiagoa hartzen du partaidetzak. Alde batetik, Baionako besten kari, haurren piknika bere gain duela Idokik, Sarde Sardexka egun osoan presente izanen da, eskutan duten janaria eta laborantxa moldeen arteko lotura erakutsi nahiz haur bai eta heldueri ere. Bestalde, formula berezia sortu du uda huntako Ezpeletako elkarteak. “Euskal Herriko ekoizpenen bidean” deitzen da xedea.

Bi zirkuito pentsatuak dira, Idokiko bi etxalde hartuz ibilaldi bakotxean. Itsasu-Ezpeleta eta Sara aldean, udako asteart guziz, 15 bat jendeko taldeak

errezebituko dituzte Sarde Sardexkako animatzaileek eta tokiko laborariak. “Rallye gisa antolatua da, desafioekin. Ofizioaren ezagutzea, ekoizpenen

deskubritzea eta, bisita bukatzean, bilanaren egitea ekoizpenak jastatuz, hara zer den programa”, zehazten du Jenofa Irubetagoiena, Sarde Sardexkako animatzaileak.

Urtean zehar ere tailerrak proposatzen ditu elkarteak, eskola, kolegio eta lizeoetan. “Partaidetza hunek laguntzen gaitu gure lan moldeak beste manera batez aipatzen. Tailerrak biziki untsa landuak dira”, komentatzen du Ttele Leizagoien, Idokiko lehendakariak.

Baionako besten kari, haurren piknikak ekoizleak biziki hartzen dituela lan aldetik eta pedagogiarendako ahal guti dutela ikusiz, hortan berezituak direneri

gogo onez uzten dute xede hori etxe ekoizleek. “Haur eta burrasoekin Idokiren aipatzeko xantza bada Baionako bestetan. Untsa da hortan dakitenekin egitea”, dio Idokik.