argia.eus
INPRIMATU
Idoia Mendizabal preso politikoa semearengandik bereiziko dutela salatu dute
  • Idoia Mendizabal ordiziarra eta haren semea Picassent-eko (Valentzia) espetxean daude, baina haurrak hiru urte bete ditu, eta legeak dio espetxetik atera behar dela eta gurasoengandik banandu. Sakabanaketaren ondorioz, haurrak familiarenganako haustura jasango duela adierazi du Sarek.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 30a

Orain arte ama eta semea uneoro elkarrekin egoten ziren Picassent-eko amen moduluan, eta astean bizpahiru alditan aitarekin bisita izateko aukera zuten. Espainiako Estatuko Espetxe Lege Orokorraren 38. artikuluak dio preso amak haurra berarekin eduki ahal duela espetxe barruan, hark hiru urte bete arte. Une horretatik aurrera, kanpoan dauden senideekin utzi behar du.

Sarek azaldu duenez, Mendizabal eta haren bikotekidea Euskal Herritik 600 kilometrora daude preso. Errepidearen arriskuak pairatzeaz gain, haurrak hiru urtean izandako erreferente bakarra galduko duela eta haustura afektiboak kalteak eragingo dizkiola salatu dute.

Mendizabal eta haren bikotekidea Euskal Herriko kartzela batera ekartzeko eskatu du Sarek, semearen eta gurasoen eskubidea dela eta “humanoa, oinarrizkoa eta ezinbestekoa” dela argudiatuta.

Egoera salatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Ekainaren 3an ‘Salatzen dut eguna’ egingo dute Ordizian, eta aurretik, ekainaren 1ean, Motxilaren umea film pedagogikoa aurkeztuko dute.