Idoia Mendia aukeratu dute militanteek PSEko idazkari nagusi, %60ko babesarekin. Postu horretan egon direnen artean euskaraz dakien lehen alderdi-burua izango da, baita aurreneko emakumea ere.
Asteartean hautatu dituzte alderdiko militanteek PSE-EEko idazkari nagusi berriak. %70,21ko parte hartzea izan da eta hautagaiak pozik azaldu dira datuarekin. Hautetsontzira hurbildu diren militanteen %10ek boto zuria eman du.
Idazkari nagusi izateko hautagai bakarra zen Mendia eta 3.209 militanteren botoekin aukeratu dute. Ez du argitu zeintzuek osatuko duten zuzendaritza talde berria, baina adierazi du alderdi sozialistarentzat “garai berria” hasiko dela. Eskerrak eman dizkie alderdikideei eta PSE-EE “biziberritzen” saiatuko dela esan du.
Azken 12 urteetan Patxi Lopezek bete du kargua. Aurretik, Nicolas Redondo Terreros, Ramon Jauregi eta Txiki Benegas izan ziren idazkari nagusi.
Torres Bizkaian, Gonzalez Araban
Astearteko emaitzek ez dute aldaketarik ekarri Gipuzkoara eta 1.243 lagunen botoarekin Iñaki Arriolak jarraituko du idazkari nagusi karguan. Bizkaian Mikel Torres izango da Jose Antonio Pastorren ondorengoa 1.149 boto eskuratuta eta Araban Cristina Gonzalezek hartuko du Txarli Prietoren lekua, 343 botorekin.
Bestetik, Nafarroan urriaren 19an egingo dituzte foru hauteskundeetarako hautagaia aukeratzeko primariak. PSNren hautagai nagusiak Maria Txibite eta Amanda Acedor dira.