Inmigrazioaren arazoa (proletario nomadak) ez da landu behar iristen diren nazioetako hizkuntza eta kulturen integrazio-asimilazioa inposatzen duten politikekin, mundu kapitalista globalizatuko estatuetan egin ohi den bezala.
Estatu horietako askotan nazio zapalduak daude, Espainian, adibidez (Galizia, Katalunia, Euskal Herria). Eta nazio horietan, batik bat Euskal Herrian eta Katalunian, proletario nomada ugari daude.
Horietan guztietan, ez dago politika propioa gai horren inguruan. Eta, ez badago, Espainiako Estatuak, beste herrietatik datorren jendearekin, Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian, gurekin, integratzeko eta asimilatzeko, aplikatzen duen politika berbera egiten amaitzen da. Gure identitateari uko egin eta espainiar sentitu gaitezen.
Eskuduntzak nazionalitate historikoetara eskualdatzearekin, hainbat pasarte xenofobo agertu dira Katalunian, bereziki Ripolleko udaletxeak erakutsitakoa.
Hori dela eta, argi eduki behar duguna da, nahita ere, guk ez daukagula behar beste botere inor indarrez integratzeko: euren identitateari uko eginarazi eta gurea onar dezaten.
Proletario nomadak integratzea eta asimilatzea bilatzen duen estatu zapaltzailearen aurrean, errespetuan eta elkar-ezagutzan oinarrituriko politika eratu behar dugu estaturik gabeko nazioetan”
Argi dago Espainiako Estatuak eduki badaukala indar hori. Eta proletalgo nomadak antzematen du. Beraz, integratzera behartuta sentitzearen aurrean, nabarmena da nazio espainiarraren hizkuntzan eta kulturan integratuko dela, eta ez katalan, galiziar edo euskaldunean. Eta, gainera, Espainiako Estatuaren aliatu bihurtuko da herri galiziar, euskaldun eta katalanaren aurka, ez baitira gai izan alternatiba propio eta desberdina eskaini ahal izateko.
Horregatik ekidin behar dugu kosta ahala kosta, proletario nomada erabilia izan dadin, Espainia, berak zapaltzen duen herrietan, eraiki ahal izateko.
Zergatik da hain gai garrantzitsu eta delikatua? Jokoan dagoena funtsezkoa delako gizakiarengan: identitatearen arazoa, alajaina!
Horregatik, proletario nomadak integratzea eta asimilatzea bilatzen duen estatu zapaltzailearen aurrean, errespetuan eta elkar-ezagutzan oinarrituriko politika eratu behar dugu estaturik gabeko nazioetan, haiei herri berrian elkarbizitza eta errotzea ahalbideko diena. Modu berezian, harrerako herriaren hizkuntzaren eta kulturaren ezagutza erraztu behar diegu, estatu zapaltzailean integratzera behartuta izan ez daitezen. Hots, gurean parte hartzea erraztu behar diegu, euren identitatea dilatatzea dakarrena, ez hari uko egitea. Kontuan harturik identitatea ez dela mugiezinezko zerbait estatikoa; identitatearen dilatazioak identitate dinamikoa, berrira irekia, ematen digu aditzera.
Era berean, alderantziz, harrerako herriko herritar gisara, beste herri eta kulturetatik dakarkiguten berrira irekita eta harbera egon behar gara, gure identitate propioa ere dilatatzen joateko.
Modu bakarra proletario nomadak gure kulturan parte har dezan, beraren dilatazioa, identitate dinamikoa, erraztea da. Aldiz, integrazio behartuarekin, berearen purifikaziora bultzatzen ditugu (integrismoa); horrela, gu xenofobo bilakatuz, kapitalismo globalizatuari jokoa egiten dioten arrazisten pare, hark behar ez dituen proletario nomadak kanporatuz, zeinak delinkuentetzat baitauzka.
Identitatearen dilatazioaz mintzo gara, ez ikuspuntu teoriko hutsetik; ikastolen mugimenduan bizi izan ditugun esperientzia pertsonaletatik baizik. Eta guk geuk, Toki Eder ikastolan, hain zuzen. Han, Espainiako Estatuko beste nazionalitate eta eskualdeetatik etorritako gurasoak gure seme-alaben euskalduntzearen borrokan batu ginen, era horretara, gure identitateak zabalduz: euskara ikasiz, euskal kultura ezagutuz; gureak ezagutarazi eta Euskal Herriko jendeekin partekatuz. Hots, gure identitateen dimentsio dinamikoa garatuz.
Inork ez gintuen integratzera behartu, gogo eta nahien bategitea izan zen, Euskal Herria justuagoa, solidarioagoa eta euskaldunagoa eraiki eta partekatzeko xedez.
Gure iritziz, horixe izan behar du gure politika gidatu behar duena, proletario nomadei dagokienean.
Denen artean eraiki behar dugu herria: jatorrizkoen eta etorritakoen artean.
Herri zapalduok politika berria, ezberdina eta iraultzailea egin behar dugu, errespetuan eta justizian oinarritua.
Xabier Rodríguez eta Nikolas Xamardo