2017ko urriaren 1ean Espainiako Poliziak tirokatutako pilotakadaren ondorioz begietako bat galdu zuen Roger Españolek. Iridia zentroak jakinarazi du tiroa egin zuen polizia identifikatu duela. Datuak Bartzelonako epaitegiaren esku jarri ditu.
Kataluniako erreferendumaren egunean Espainiako indar armatuen oldarraldiak ugariak izan ziren. Horietako bat Bartzelonako Ramon Llull eskolan egin zuen Espainiako Poliziak. Gomazko pilotak jaurti zituzten eta horietako batek Roger Español herritarraren begian jo zuen.
“Saiatu dira [tiroaren egilea] nor izan zen jakin ez dezagun baina lortu dugu, lan kolektibo askori esker” adierazi du Giza Eskubideen eta Eskubide Zibil eta Politikoen defentsan aritzen den Iridia zentroak.
Anaïs Franquesa abokatuak identifikazioaren oinarria grabatutako irudien azterketa izan dela azaldu du prentsaurrekoan. Zentroak kontratatutako peritu kriminologo independiente batek urtebete eman du irudiak aztertzen.
“Errepresioa ez bada gelditzen, gu ere ez”
Prentsaurreko berean, Roger Españolek prozesu judiziala amaieraraino eramateko borondate osoa adierazi du: “Errepresioa ez bada gelditzen, gu ere ez”.
Iridiako abokatuek, halaber, epaitegiari eskatu diote polizia operatiboaren buruetako bati ikertu bezala testigantza hartzea. Español zauritu ostean poliziek egin zituzten beste bi tiroren arduradun egiten dute abokatuek. Zauritua lurrean zegoela ingurura egin zuten tiro, kazetari batzuk hura artatzen ari zirela.
ATENCIÓN‼️Hemos logrado identificar al agente de la Policía Nacional que disparó a Roger Español #1-O ➡️ Han intentado que nunca supiéramos quién era, pero después de mucho trabajo colectivo lo hemos conseguido #ProuImpunitat pic.twitter.com/mvrrlT37GM
— IRIDIA (@centre_IRIDIA) 2019(e)ko ekainaren 19(a)