Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.
Iruñeko Karlos III.aren etorbidean ikusgai dagoen LKN artistaren erakusketa jarri eta bi egunera sabotatu dute. Artistaren jatorrizko lanen erreprodukzioak dira, jatorrizko tamainan eginak, eta aluminiozko panelen gainean inprimatuak. Zenbait irudi ezbatu dituzte esprai beltzez eta beste batean "Navarra se defiende" (Nafarroa defenditu egiten da) idatzi dute.
Iruñeko La Morea merkataritza-gunean kenduarazi zioten erakusketa bati erantzuna emateko xedearekin sortu da erakusketa. Izan ere, erretiratu egin behar izan zuen erakusketa hura hainbat kexa jaso ostean. LGTBI+ gaiek eta zenbait figura erlijioso erabili izanak zenbait kexa eragin zuen sektore eskuindarren artean. Sektore ultrakontserbadoreek "iraingarritzat eta antikatolikotzat" jo zuten eta arduradunek erakusketa bertan behera uztea erabaki zuten. Jaso zituen kritiken artean, gutun bat jaso zuen zeinean “artistaren aldeko otoitza” eskatzen zuten. Horri erantzuteko jarri dio egunotan Iruñeko kaleetan ikusgai dagoen erakusketaren izenburua: Otoi nire alde.
LKNren obren aurkako lehenengo erasoa ez den arren, artistak adierazi du “min handia” ematen diola bere lana zapuztuta ikusteak. Horrelakoak gertatzea “harrigarria” dela nabarmendu du, eta erasoa sinesmen erlijiosoengatik izan dela ondorioztatu du. “Dena alderantziz” ulertu dutela azaldu du, pertsona ezagunak omentzeko modu bat dela argudiatu du: “Pertsonaiak omentzen ari naiz, ez naiz sinesmen erlijiosoak kritikatzen ari”.
Artistaren lana ez errespetatzeak mindu badu ere, “min estetikoa” ere sentitu duela adierazi du. “Erakusketa ikustera joan nintzenean pozgarria egin zitzaidan jendea pasatzen ikustea, argazkiak ateratzen, umeak irudiak seinalatzen… Oso polita zen jendea obrekin elkarrekintzan ikustea, hori aldatu egin da orain”.
Nafarroako Gobernuko bozeramaile Amparo Lopezek asteazken honetan adierazi du "gaitzetsi" egiten dituela horrelako "ekintza bandalikoak", eta "sorkuntza artistikoa errespetatu" behar dela adierazi du. LKNk sabotatzaileak salatzeko asmoa du orain, segurtasun kamera asko duen hiriko eremu bat dela baliatuta.