argia.eus
INPRIMATU
Idazkaritzak eta kontuhartzailetzak: joko arauak partidaren amaieran aldatzeaz
Hainbat sinatzaile* 2024ko abenduaren 19a

Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako funtzionarizazioa lortuko lukete, baina gutxienez beste hainbestek, besteak beste, artikulu hau sinatzen dugunotako batzuek, enplegua galduko lukete, eta, kasurik onenean, batzuk destino berrietara eramango gintuzkete, hautatzeko aukerarik gabe. Gainera, udal asko kolapsatu egingo lirateke, beren Idazkaritza eta Kontuhartzailetza postuak hutsik geratuko liratekeelako, eta gainerako lankideak kaltetuak izango lirateke, oposiziokoak baino beranduago funtzionarizatuko liratekeelako.

Nahiz eta, erabaki politikoen ondorioz, Nafarroako toki entitateen Idazkaritzetan eta Kontuhartzailetzetan abusuzko egoera duela mende erdi baino gehiago hasi zen, azken gertaeretan jarriko dugu arreta (aurrekari gisa, aipatuko dugu zenbait alditan gure finkotasuna ezerezean gelditu dela Konstituzio Auzitegira iristean): 2022ko maiatzean, Nafarroako Parlamentuak 16/2022 Foru Legea onartu zuen, 30 plaza inguru oposiziorako deitzen zituena, 150 plaza inguru egonkortzeko (batez ere, antzinatasunaren arabera) eta hamabi funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketa irekitzen zuena (azkenean). Lege horrek esaten zuen Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza guztiek egun berean aldatuko genuela lanpostua, trantsizio ordenatua bermatzeko. Horiexek ziren finkatu ziren joko arauak, guztiok onartu genituenak, eta horien arabera erabaki genuen nola antolatu gure bizitzak (ikastea, lan egitea, zaintzea eta aurrekoak bezain zilegi eta garrantzitsuak diren beste zeregin batzuk), bakoitzaren zirkunstantzien arabera. Eta hori horrela izan zen ia erabateko adostasunez ulertu zelako, baita orain deslotura sustatzen dutenen artean ere, lanean hamabost eta 30 urte daramatzaten pertsonek beren gaitasuna soberan erakutsi dutela, nahiz eta gobernuek ez duten denbora horretan guztian oposiziorik deitu.

2023ko uztailean, egonkortze-prozesuaren emaitzak argitaratu zituzten, baina 145 pertsona horiek ez zuten kargua hartu, deitutako azken prozedura (oposizioa) ebatzi arte itxaron behar zelako. 2023ko azaroan oposizioaren azterketa egin zen. Egonkortze bidez plaza lortu zuten pertsona asko ez ziren aurkeztu ere egin, eta, aurkeztu zirenetako asko, berariaz ikasi gabe joan ziren, indarrean dagoen legean konfiantza jarrita, zeinak, haien kasuan, azterketa egitea beharrezkoa ez zela esaten zuen.

Zer gertatuko da azkenean Konstituzio Auzitegiak legearen aldeko ebazpena ematen badu? Nola justifikatuko da orain funtzionario egiten direnen eta geroago egiten direnen arteko tratu-desberdintasuna?

2023ko abenduan (azterketa pasata), Justizia Auzitegi Nagusiak legearen konstituzionaltasunari buruzko zalantzak adierazi zituen, eta egonkortze-prozesua behin-behinean eten zuen, auto baten bidez. Auto horretatik ondorioztatzen da espero zutela Nafarroako Gobernuak prozesu guztiak gelditzea, aurretik antzeko kasuetan egin bezala. 2024ko urrian, Justizia Auzitegi Nagusiak Konstituzio Auzitegiari bidali zion gaia, ebatz dezan 16/2022 Foru Legea konstituzionala den ala ez, eta, astebete geroago, Óscar Chivite kontseilariak legea aldatzeko asmoa iragarri zuen, oposizio-plazak Konstituzio Auzitegiaren ebazpenari itxaron gabe bete ahal izateko (horregatik, oposizio bidez funtzionarizatuko diren 30 pertsonak onuradun izango lirateke). Baina, zergatik aldatu nahi dira jokoaren arauak orain, prozesuen arteko lotura horrek lehenago ere eragozpenak sortu bazituen? Joko arau horien ondorioz, merezimendu-lehiaketaren bidez plaza lortu zuten 145 pertsonek ezin izan zuten lanpostuaz jabetu 2023ko uztailean, etendura gertatu baino lehen. Eta, joko arau horien ondorioz, oposizioaren emaitzak izan ziren izan zirenak, eta ez, aldiz, guk langabeziari aurre egin behar geniola jakin izan bagenu izango liratekeenak, edo beste lankide batzuek jakin izan balute gutxi batzuk beste guztien aurretik funtzionarizatzeko aukera zegoela izango zirenak, horrek kalte egiten baitie etorkizuneko lekualdatze-lehiaketetan.

Ez ditugu hemen azalduko egin nahi den aldaketak dituen legezkotasun eta konstituzionaltasun arazoak; izan ere, hainbeste dira (segurtasun juridikoaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak urratzea, administrazio jarduleak berak onartutako egintzak, atzeraeraginezko ondorioak dituzten arau-erabaki kaltegarriak hartzea...), ez zaizkigu artikulu bakar batean sartzen, eta entzun nahi izan digutenei helarazi dizkiegu: bai kontseilariaren konfiantzazko langileei, bai gure bilera-eskaerari erantzun dioten legebiltzar-taldeei, zeintzuen artean ez baitago PP. Ondorioz, ulertu dugunez, gaur egun ez dago aldaketa hori babesten duen txosten juridiko bakar bat ere; 16/2022 Foru Legeak, berriz, legezkotasunera egokitzen zela bermatzen zuten txosten teknikoak zituen.

Nolanahi ere, errealitatea da PPren ekimenak aurrera egiteko nahikoa dela 50 legebiltzarkideetatik 26k aldeko botoa ematea. Uste dugu bozketa hori interesa duten beste talde batzuen presioek baldintzatuko dutela, eta ulertzen dugu gure lankideek beren lan-baldintzak hobetzeko duten nahia. Sentitzen dugu egoera, batez ere 2012an funtzionarizatu ziren pertsonengatik, Nafarroako Gobernuen erabaki politikoen eta ekintzarik ezaren ondorioz, ezin izan dutelako lekualdatze lehiaketetan parte hartu, baina erabaki politiko honek ez ditu funtsezko arazoak konpontzen, eta, gainera, larriagotu egiten ditu. Zer gertatuko da azkenean prozesuak deslotu eta Konstituzio Auzitegiak legearen aldeko ebazpena ematen badu? Nola konponduko da enplegua galtzen dugunoi edo nahitaez lekualdatzen gaituztenei eragindako kaltea? Nola justifikatuko da orain funtzionario egiten direnen eta geroago egiten direnen arteko tratu-desberdintasuna?

Geure buruari galdetzen diogu ea zer kalte ekarriko lukeen Konstituzio Auzitegiaren ebazpena itxoiteak; izan ere, balantzan jarriz gero gure lankideen lan-hobekuntzak eta gure langabezia nahiz hainbat toki-erakunderen kolapsoa, ez dirudi zalantzarik dagoenik. Azken finean, ez dugu merezi hainbat hamarkadatako utzikeria politikoak sortutako kaos-egoerak guri kalte konponezina eragitea.

Horregatik guztiagatik, legea, zuzenbidearen printzipioak eta gure bizitzak antolatzean administrazioan jarri genuen konfiantza legitimoa errespetatzeko eskatzen dugu.

Nafarroako 58 toki entitatetako idazkari eta kontu-hartzailek sinatua.