argia.eus
INPRIMATU
Idauze-Mendiko eskola publikoa okupatu dute, murgiltze ereduaren alde
  • Frantziako Konstituzio Kontseiluak maiatzaren 22an hartutako erabakia salatzeko ekintza burutu dute ostegun goizean Zuberoako herrixkako eskolan. Bestalde, harturiko ebazpenari buruzko oharra publikatu zuen Konstituzio Kontseiluak atzo, ekainaren 16an, zehaztuz "irakaskuntza publikoaren kasuan bakarrik" dela konstituzioaren kontrakoa murgiltzea.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 17a
Idauze-Mendiko eskolaren okupazioa, ekainaren 17 honetan

2021-2022 ikasturtearen sartzerako, orotara Ipar Euskal Herriko hiru eskola publiko berrietan dute euskarazko murgiltze eredua eskaini nahi: Larrainekoan, Idauze-Mendikoan, Arrosa eta Ortzaizekoan –baita Aiherrako eskola pribatuan ere–. Baina hori Frantziako Konstituzioaren kontra doala ebatzi zuen maiatzaren 22an Konstituzio Kontseiluak. Erabaki horren kontrako mobilizazioa burutu dute goizean, Idauze-Mendiko eskola okupatuz. Hainbat hautetsi bertaratu dira haien elkartasuna adierazteko, tartean herriko auzapeza ere.

Lau eskola hauetako ordezkariek gutuna bidali zioten Hezkuntza Akademiako ikuskariari, irekitze hauek baimentzeko eskaera formala luzatuz, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso. Eskatzen dutela jaso arte borrokan segituko dute guraso eta irakasleek: "Argi dugu Hezkunde Nazionala guziz murgiltze klase horien kontra dela, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak indar berria ematen diolarik aurkako jarrera horri. Bizkitartean, gure nahia beti bezain azkarra eta fermua da, gure eskoletako haurrek irakaskuntza mota eraginkorrena ukan dezaten, euskararen transmititzeko griña handia dugun buraso eta irakaskuntza munduko eragileontzat".

Ondoko egunetan beste eskola batzuk okupatuko dituztela jakinarazi du Euskal Konfederazioak.

Debekua eskola publikoei bideraturik

Maiatzaren 22ko ebazpenari buruzko oharra plazaratu zuen atzo Frantziako Konstituzio Kontseiluak eta irakurri daitekeenaz, Konstituzioaren aurka doa baldin eta tokiko hizkuntzan bideraturiko murgiltze eredua eskola publiko batean bideratua bada. Beraz, ohar horri segi euskarazko murgiltze sistema konstituzionala dela Seaskaren barnean eta sare pribatu katolikoan.

Oroit gara Paul Molac parlamentari bretoiak aurkeztu lege-proposamenaren alde bozkatu zuela Legebiltzarrak –honek irekitzen zuen murgiltze eredua eskola publikoan ere bideratzeko aukera–, baina azkenean, botere legegilearen aurka kokatuz, Konstituzio Kontseilura jo zuten hainbat parlamentarik eta azken honek "antikonstituzionaltzat" jo zuen legearen parte handi bat. Erantzun gisa, beste 140 parlamentarirekin batera, Konstituzioa aldatzeko eskaera formala bidali berri dio Molacek Emmanuel Macron Frantziako presidenteari.

Uztailaren 1ean manifestazioa Donapaleun

Ikasturte bukaera dela, azterketen garaia dute ikasleek. Hor ere azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea ez zaie osoki bideraturik. Kolegio bukaerarako brebeta azterketa adibidez ezingo dute osoki euskaraz pasa. Egoera hau salatzeko manifestazioa eginen dute Donapaleun uztailaren 1ean. Are gehiago, desobedientziaren bidea hartuta, irakasle batzuk beharrez aurtengo brebeta zuzentzeari uko eginen diotela iragarri zuten ekainaren 15ean Kanbon antolatutako agerraldian. "Injustizia" eta "mespretxua" delako eskubide urraketa hau Seaskako irakasle eta ikasleen iritziz.

Euskal Konfederazioak irakasleen erabaki ausarta "txalotu" egin du agiri bidez, bere "babes osoa" erakutsiz.

2016ko brebetaren erreforma dela eta, zientzien ikasgaia batu zen azterketara. 2017an euskaraz zuzenduak izan baziren ere, 2017 eta 2018an euskarazko zuzenketak ezeztatuak izan ziren. Ondorengo urteetan bide beretik, euskarazko zuzenketak ezeztatu zitzaien ikasleei eta irakasle erdaldunek zuzendu zituzten, emaitza "biziki txarrak" emanez. Iaz, pandemia dela eta, brebeta kontrol jarraikiaren bidez egin da eta horren ondorioz, zientzietako ebaluazioa euskaraz onartua izan zitzaien.