Joaquim Brugué ez da azaroaren 9ko galdeketaren kontrol batzordean egongo. Aski “berme demokratiko” ez dagoelako egin du atzera, igande honetan Twitter bidez jakinarazi duenez.
Iragan asteazkenean onartu zuten Parlamentuan galdeketaren kontrol batzordea eratzeko proposamena. Zazpi kide izendatu zituzten kontsulta gainbegiratzeko, eta ICV-EUiA talde parlamentarioaren ordezkaria zen Brugué, Politika Zientzietan katedraduna.
Aurrerantzean kontrol batzordean egon ez arren, beste mezu batzuetan jendeak kontsultan bozkatu dezan eskatzen du. Bere hitzetan, galdeketari laguntzeko prest dago, baina “ez edozein preziotan”.
Bere adierazpenek Twitterren eragindako erreakzioei erantzunez, beharbada “oker” dabilela baina “kontzientzia oso garbi” duela esan du Bruguék. ICVko kideek bere erabakia errespetatu dute, El Periodicok argitaratu duenez.