argia.eus
INPRIMATU
Ibrahim Gökcek musikari turkiarra hil da 323 egun gose greban egon ondoren
  • Folk musika lantzen duen Grup Yorum musika taldeko kidea zen eta talde honetan gose grebaren ondorioz hildako hirugarren kidea da. Taldea dozenaka pertsonez osatua dago eta protestan ari da aspaldi, besteak beste, Turkiako Gobernuak bere jarduera debekatua duelako.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a

Talde horretako zazpi lagun espetxean dira DHKP-C alderdikoak direlako (Herriaren Askapenerako Alderdi-Fronte Iraultzailea) eta Turkiako Gobernuak erakunde hau terroristatzat duelako. Kontzertuak egiteaz gain, Idil kultur zentroaren aurkako sarekaden amaiera, talde kide guztiak askatzea eta haien aurkako legezko prozedura guztien amaiera eskatzen dute.

Bere egoerak okerrera egin ondoren, Gokcekek gose greba utzi berri zuen eta ospitalera eraman zuten, baina elikatzeko tratamenduan jarri eta gero, ostegun honetan hil egin da. Aurretik beste bi taldekide ere hil dira. Musika taldeak lehenxeago jakinarazitakoaren arabera, ez zitzaion geratzen odolik gorputzean: “Atzo hiru litroko odol transfusio bat jaso zuen, eta gaur ere jarraituko du horrekin. Orain elikadura baskularra ari da jasotzen”. Zaintza intentsiboetan hilabete egitea aurreikusten zuten.

Lehenago musika taldeko beste bi kide ere gose greban hil ziren, Helin Bölek eta Mustafa Koçak, biak 28 urtekoak. Bolek 288 egun gose greban egon ondoren hil zen eta Koçak 297 egun ondoren. Azken hauek Istanbuleko Idil kultur zentroan atxilotu zituzten duela urtebete inguru. Bölek 2019ko azaroan askatu zuten eta Gökcek 2020 otsailaren 24an, baina beren gose grebekin jarraitu zuten aipatu aldarrikapenak betetzeko eskatuz.

 

 

Argazkia: Group Yorum

 

 

 

 

 

 

 

Bere aitarekin, gose greban zegoela. Argazkia: AFN