argia.eus
INPRIMATU
Ibon Iparragirre presoaren aita hil da semea alboan zuela
  • Aitaren osasun egoera “oso kritikoa” zen, eta semea bere ondoan zuela zendu da, Lea-Artibaiko Hitzak informatu duenez. Minutu gutxi batzuk lehenago,11:50ean heldu da Iparragirre egoitzara Zaballako espetxetik ertzainen zaintzapean. Herritarrak izan ditu zain, senideen deiari erantzunda, eta animo artean agurtu dute.

Axier Lopez @axierL 2017ko martxoaren 03a
Aita ingresatuta zegoen egoitzara eraman duten unea. Argazkia: Lea-Artibaiko Hitza

Aita bisitatu artean, ama eduki du ondoan. Egoitzako atzeko atetik aterata, 13:05ean eraman dute Iparragirre ertzainen furgoneta batean. Senideek ez dakite nora eraman duten. Preso ondarrutarraren senideek HITZAri atzo jakinarazi ziotenez, Iparragirre martxoaren batean atera zuten Madrilgo Alcala Mecoko espetxetik.

Ibon Iparragirre larri gaixo dagoen presoa da. HIESA du, eta gaixotasunak burmuinean orban bat sortu dio. Nerbio optikoa kaltetuta dauka, eta ondorioz, ikusmena galtzen ari da. Gainera, atake epileptikoak jasaten ditu. Bi urte daramatza modulu arruntean, gainontzeko euskal presoekin harremanik izan gabe.

Iparragirreri espetxealdi arindua eman zioten 2011n, baina 2014an berriro atxilotu zuen Ertzaintzak, eta harrezkeroztik espetxean da. Alcalá-Mecon dago gaur egun.

Herritarren txalo eta animo artean jaso dute Iparragirre egoitza inguruan. Argazkia: Lea Artibaiko Hitza