Ibon Iparragirre presoaren egoerak nabarmen egin du okerrera Bilbon egitekoa zen epaiketa batean deklaratzeko hiru egunez bidaiatu ondoren. Haren senideek azaldu dutenez, bidaiak gerrian eta lepoan min handiak sorrarazi dizkio eta Txagorritxuko medikuen ustez “baliteke hezur muinean lesioak izatea”.
Iparragirrek Hiesa du C estadioan, “azken estadioan”, eta hainbat patologia sufritzen ari da, besteak beste ikusmena egunetik egunera galtzen ari da eta krisi epileptikoak izan ohi ditu.
Basauriko kartzelan zela, preso sozial baten jipoia salatu zuen Iparragirrek, honek aldiz, Iparragirreren kontrako salaketa jarri zuen. Atzo egitekoa zen epaiketara, ordea, ez da salatzailea agertu, baina larri gaixo dagoen presoa bidaia egitera derrigortu dute.
Bestalde senideek gezurtatu egin dute presoa medikatzen ez denik. Europa Press agentziak astelehenean zabaldu zuen Auzitegi Nazionalak kartzelatik irtetea eragotzi diola, besteak beste, presoak “tratamendua hartzeari uko egin diolako”. Familiak esan du datu hori “erabat faltsua” dela: “Bere medikazioa hartzen du Ibonek. Ez du hartzen retrobiralik, ez orain, ez lehen. HIES gaitza piztu bazaio kartzelak eragin diolako da eta isolatuta dagoelako eguneko 20 ordutan. Kartzela da Ibon egoera honetara eraman duena”, azaldu dio Jon Kinku Iparragirrek Uriola.eus atariari.