argia.eus
INPRIMATU
Ibon Iparragirre euskal preso politikoari espetxean eraso egin diotela salatu dute
  • Ibon Iparragirre Burgoari eraso egin diote Madrilgo Alcala Mecoko funtzionarioek uztailaren 18an, Iparra Galdu Baik plataformak zabaldu duenez. Iparragirrek hiesa dauka, eta ikusmena galtzen ari da.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 21a

Plataformak azaldu du hainbat parte sartu dizkiotela Iparragirreri azken hilabeteetan, “gehienak funtzionarioek eurek probokatutako egoerengatik”. Horrek presoa isolamendura eramatea ekarriko luke, baina ez dute egiten, legeak debekatzen duelako eta gainontzeko preso politikoekin elkartuko litzatekeelako plataformaren ustez. Bi urte daramatza Iparragirrek modulu arruntean, gainontzeko euskal presoekin harremanik izan gabe.

Uztailaren 18an beste parte baten ebazpena iritsi zitzaion Iparragirreri, eta orduan isolamendura eraman zuten lau funtzionariok eta espetxeko zerbitzu buruak. Bertan kolpatu egin zuten, mehatxatu eta iraindu, Iparragirrek berak egun berean familiari azaldu zionez. Ondoren modulu arruntera itzuli zuten.

Iparra Galdu Baik gaineratu du 30 hilabetetan Iparragirrek jasandako bosgarren eraso fisikoa dela eta azken urtean ez diotela erresonantzia magnetikorik egin. Ondorioz, ezin da jakin gaixotasunaren garapena zein den. Etxeratzea eskatu dute, “beharrezko arreta, jarraipena eta mediku tratamendua jaso dezan”.