argia.eus
INPRIMATU
Ibon Goieaskoetxea aske utzi dute, hamaika urteko espetxe-zigorraren ostean
  • Euskal preso politikoa etxeranzko bidean da jada, Frantziako Estatuak ezarria zion zigorra burututa. Irailaren 15ean Mont de Marsango presondegitik irten zen, eta Espainiara eraman zuten. Madrilen Auzitegi Nazionaletik igaro ostean, baldintzapean aske geratu da.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 17a
Ibon Goieaskoetxea senitartekoekin. Argazkia: Etxerat

Ibon Goieaskoetxea preso busturiarra Mont de Marsango espetxetik irten da, hamaika urteko espetxe zigorra amaitu ostean. Irailaren 15ean, Frantziako Estatuak Espainiaratu egin zuen, euroaginduari jarraiki.

Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik bere aurka akusazioak dituenez, epailearen aurretik pasa behar izan zen. Leporatzen zaizkion karguak frogatzeko deus ez dagoenez, baldintzapeko askatasunean utzi dute. Baldintza horien artean pasaportea kentzea eta astero epaitegietan sinatu beharra aurkitzen dira.

Behin xedapenok eginda, irailaren 16ko arratsaldean aske geratu zen euskal preso politikoa. Bere senitartekoek Madrilen egin diote harrera, etxerako bideari ekin aurretik.