Esklerosi anizkoitza gaitzarekin larri dago Ibon Fernandez presoa Frantziako Estatuko Lannemezako espetxean, Ane Fernandez senideak jakinarazi duenez. Herrirak mobilizazioa antolatu du kartzelaraino "Presoen eskubideen defentsan denok Lannemezanera" lelopean.
Bi urte pasa ziren medikuek zein gaitz zuen diagnostikatu aurretik. Izan ere, baliabideak “murritzak” dira kartzelan. Hala dio Ane Fernandez presoaren arrebak. Anaiak “ahal duen moduan borrokan" jarraitzen duela dio. Baina, aurrera egiten saiatuta ere, funtzionarioek “ez diote arreta minimorik egiten”.
Tratamendua ez diotela ematen salatu du. Orain, kalera ateratzeko prozedura martxan jarri du familiak, eta espetxeko arduradunek onartu badute ere, kaleratzea urtebetez luza daitekeela uste du presoaren arrebak.
Nerbio-sistemaren eritasun sendaezina eta progresiboa da esklerosia. Kalte fisiko eta psikologiak sortzen ditu. Fernandezek azpimarratu duenez, gaitzaren agerraldiek ondorioak izan ditzakete, eta kartzelan ezin dituzte kontrolatu, baliabide "falta" medio.
Herrira, Lannemezanera
Lannemezanen dagoen euskal preso bakarra ez da Fernandez. Beste bost ere badira: Didier Aguerre, Txistor Haranburu, Iñaki Esparza, Jose Ramón Lete eta Joseba Segurola. Horregatik, Herrirak martxa antolatu du espetxeraino, hilaren 14an. Ipar Euskal Herriko herrialdeetatik autobus zerbitzua prestatu dute.
Bi helburu dauzka protestak, antolatzaileek adierazi dutenez: batetik, Frantziako Estatua “interpelatzea”; eta bestetik, presoei elkartasuna adieraztea.
Egunean bertan. martxarekin batera hainbat ekimen antolatu dituzte. Besteak beste, flash mob-a, bertso saioa, eta merendua. Mobilizazioaren xehetasunen berri Twitter bidez ematen ari dira, @lannemezanera kontuan.