argia.eus
INPRIMATU
Fernandez Iradiren abokatua: “Sobera justifikatuta dago Ibon kalean egotea”
  • Parisko Dei Auzitegiak atzeratu egin du berri zere Ibon Fernandez Iradi aske uzteko erabakia. Esklerosi anizkoitza dauka presoak.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 31
Ibon Fernandezen kartzela zigorraren suspentsioa eskatzeko agerraldia. (Argazkia: www.kazeta.eus)

Orain dela bi urte hasitako bidea beste sei hilabetez luzatzeko erabakia hartu du epaileak: 2015eko martxoaren 26an izango da audientzia eta apirilean hartuko dute erabakia. Atzerapena espero bazuten ere, Maritxu Paulus presoaren abokatuak Info 7 irratian egindako elkarrizketan esan du “kolpe gogorra” izan dela.

Paulusek gaineratu du bi txosten mediku aurkeztuak zituztela jada eta urriaren 1etik indarrean dagoen legearen arabera bakar bat nahikoa zela.

Abokatuak esan du ez dela ohikoa Frantziako Estatuan gaixo dauden presoak aske uztea, baina Fernandezen kasuan pozesua gehiegi luzatzen ari dela. “Aldi oro elementu gehiago ekartzen ari gara eta txostenak sobera justifikatzen du Ibonek kalean egon behar duela”.

Esklerosi anizkoitza dauka Fernandezek eta bere abokatuak azaldu duenez “oso ahul” dago: “Eritasuna aurrera doa, bagenekien bidea zaila eta luzea izango zela”.