argia.eus
INPRIMATU
Ibon Fernandez Iradi preso gaixoaren askatasun eskaera berriz aztertzeko atea irekita
  • 2015ean Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak ebatzi zuen Ibon Fernandez Iradi preso lasartearrak espetxean jarrai zezakeela, haren gaixotasuna –esklerosi anizkoitza du– eta kartzelan egotea bateragarritzat joz, behar bezalako arreta jasoz gero. Orain, Kasazio Auzitegiak atzera bota du ebazpen hori, eta bidea ireki du Fernandez Iradiren zigorra bertan behera uzteko eskaria berriro azter dadin.

ARGIA @argia 2016ko ekainaren 28a
Ibon Fernandez Iradiren artxiboko irudia (Arg.: corsicainfurmazione.org).

Maritxu Paulus Basurko abokatuak epaiaren garrantzia azpimarratu du, ez baita ohikoa Kasazio Auzitegiak halako erabakiak hartzea. 2013an eskatu zuten lehen aldiz Fernandez Iradiren zigorra bertan behera uzteko, baina orain arte ezezkoak baino ez ditu jaso eskatu horrek.

Epaiaren berri izandakoan, Iradi berehala kaleratzeko eskatu du Bagoaz elkarteak. Haren gaitzak okerrera egin dezakeela nabarmendu dute, eta beraren kontrako epaiketarako datarik ez dela oraindik ezarri gogorarazi dute. Lannemezango espetxean dago preso lasartearra.